Mundua -
AEB
Trumpek NATOrekin 'dituen zorrak' kitatzeko faktura eman zion Merkeli
Trumpek hainbat alditan leporatu die NATOko kideak diren herrialdeei erakunde horrekiko dituzten obligazio ekonomikoak zaindu ez izatea.
Agentziak | Erredakzioa
Donald Trump AEBko presidenteak 300.000 milioi dolarreko faktura eman zion joan zen astean Angela Merkel Alemaniako kantzilerrari, kopuru hori baita "Alemaniak NATOrekin pilatu duen zorra", Trumpen aburuz. Egoera horrek harridura eragin zuen alemaniarren ordezkaritzan, Berlingo Gobernuko iturriek jakitera eman dutenez.
Trumpek hainbat alditan leporatu die NATOko kideak diren herrialdeei erakunde horrekiko dituzten obligazio ekonomikoak zaindu ez izatea, AEBren interesen kalterako. Izan ere, Trumpen ustez, AEBk dagokiona baino askoz gehiago ordaintzen dio erakunde horri.Alabaina, Trumpek egindakoa "eskandalagarria" dela uste dute Alemaniako Gobernuko iturriek.
The Times egunkariak aipatzen dituen iturrien arabera, Merkelek entzungor jokatu zuen faktura horren aurrean, eta ez zuen ezer esan euren artean izan zen mintzaldi labur batean. Faktura horretan azaldutako zenbatekoa, Trumpek egindako kalkuluetatik dator: 2012tik gaurdaino Alemaniak Defentsa alorrean izan duen aurrekontuaren zenbatekoaren % 2 gehi interesak.
"Kontzeptua bera bakarrik sinesgaitza da. Solaskidea kikiltzea zen haren helburu bakarra", adierazi dute iturri horiek Trumpen jarreraren harira.
Kantzilerraren gertuko iturriek deitoratu egin dute AEBko presidenteak gai horren gainean duen "ezohiko ikuspegia". "NATO ez da hileko ordainketa egiten duzun klub bat. Herrialde bakoitzak hartzen dituen konpromisoak beti daude lotuta Defentsarako dituzten aurrekontuekin", azaldu dute.