Mundua -
Erasoa Londresen
Londresko erasoa nardagarria bezain krudela izan dela adierazi du Mayk
Erasotzaile bakarra izan dela baieztatu du Britainia Handiko lehen ministroak. Ildo horretatik, aurrez pentsatutako erasoa izan dela ziurtatu du Mayk.
Agentziak | Erredakzioa
Londresko Parlamentuaren eraikinaren aurrean izandako erasoa nardagarria eta krudela izan dela adierazi du asteazken honetan Theresa May Britainia Handiko lehen ministroak. Erasoa gaitzetsi ondoren, Erresuma Batuak ez duela terrorismoagatik alerta egoera areagotuko ziurtatu du.
Arratsaldean Londres erdigunean gertatutakoa “eraso terroristatzat” hartu du Mayk. Dena dela, ikerketa burutu arte ezin direla xehetasun guztiak ezagutu azpimarratu du.
“Erasotzaile bakarra izan dela baieztatu dezaket. Autoarekin hainbat lagun harrapatu ditu lehendabizi, eta bi pertsona hil ditu Westminsterreko zubian. Jarraian, Parlamentuaren eraikinaren ondoko lorategian sartu da, eta polizia bati labanaz eraso egin dio”, azaldu du Britainia Handiko lehen ministroak.
Parlamentuaren eraikina zaintzan zeuden segurtasun indarrek erasotzaileari aurre egiten ahalegindu dira, baina tiroz hil aurretik polizia batzuei labanaz eraso egitea lortu du. Geroago, bertan zauritutako polizia bat hil egin dela baieztatu dute iturri ofizialek.
Ildo horretatik, erasotzaileak ekintza hori Londresko erdigunean egitea aurrez pentsatu duela ziurtatu du Mayk. Zehazki, “askatasunaren eta demokraziaren balioak goratzeko erlijio, kultura eta herrialde desberdinetako pertsonak biltzen diren tokia aukeratu du”, nabarmendu du.
Britainia Handiko lehen ministroaren esanetan, Zuzenbide estatua, giza eskubideak, askatasuna eta demokrazia irudikatzen dituen Parlamentuaren ondoan eraso egin du.