Mundua -
Frantziako hauteskundeak
Fillonek ez du hautagaitza erretiratuko, inputatua izango den arren
Hautagai errepublikanoak iragarri duenez, epailearen aurrean deklaratu beharko du martxoaren 15ean haren emaztearen ustezko enplegu faltsuen auzian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
François Fillon alderdi errepublikanoaren Frantziako presidentegaiak ez du haren hautagaitza erretiratuko. Haren esanetan, soilik sufragio unibertsalak, ez prozesu judizialak, erabakiko du nor izango den Frantziako hurrengo estatuburua. Gaurko agerraldian iragarri duenez, martxoaren 15ean epailearen aurrean deklaratu beharko du haren emaztearen ustezko enplegu faltsuen auzian. Hala ere, bere errugabetasuna aldarrikatu du.
Fillonek salatu duenez, bere aurkako kasuan ez dira "errugabetasun printzipioa" errespetatzen ari eta "hilketa politikoa" izan dela gaineratu du.
"Hautagai izango naiz", ziurtatu du. Gaineratu duenez, frantziarrei dagokie azken erabakia. Halaber, epailearen aurrean egingo duen deklarazioan "nire egia, egia" helaraziko diela azpimarratu du. Ildo horretan, azpimarratu du ez zuela oker jokatu Penelope Fillon bere emaztea eta seme-alabak aholkulari posturako kontratatzerakoan.
Fillonek gaur Nekazaritza Aretora egitekoa zuen bisita bertan behera utzi du azken unean, arrazoirik eman gabe. Fillonen gertuko iturriek Le Journal du Dimanche egunkariari adierazi diotenez, PenelopeGate izeneko auziko epaileak deklaratzeko eskea egin diolako utzi du bertan behera bisita. Frantziako Auzitegi batek ikerketa abiatu du François Fillon hautagai kontserbadorearen emazteak 1998tik 2002ra bitartean egindako lana argitzeko.
Frantziako hedabideek zabaldutako informazioaren arabera, diputatu zen garaian Fillonek emaztea Parlamentuko laguntzaile gisa kontratatu zuen. Halaber, Fillonen ondorengoak ere Penelope Fillon kontratatu zuen. 1998tik 2002ra aholkulari izan zen eta 500.000 euro irabazi zituen. Dena den, ez ei dago argi denbora horretan zer lan egin zuen.
Penelope Fillonen enpleguez gain, bikotearen seme-alabei esleitutako aholkulari lanak ere ikertzen ari da epailea.