Mundua -
Segurtasun Biltzarra
NATOrekiko konpromisoari eusten diola adierazi du AEBk
Aitzitik, euren ekarpena areagotu dezatela eskatu die bere aliatuei.
Agentziak | Erredakzioa
Mike Pence Ameriketako Estatu Batuetako presidenteordeak bere nazioarteko lehendabiziko mintzaldia eman du gaur Municheko Segurtasun Biltzarraren barruan. Bertan NATOrekin izango duen harremanaren zertzelada nagusiak adierazi ditu, eta, esan duenaren arabera, NATOren ekintzak babesteko asmoa dauka, baldin eta gainerako aliatuek euren ekarpena areagotzen duten.
"Honako hauxe da Trump presidentearen promesa: Europarekin batera egongo gara gaur eta beti, ideal zintzo berak baititugu: askatasuna, demokrazia eta legea", azaldu du.
Dena dela, Trumpek joan zen urtetik ahotan darabilen ideia nabarmendu presidenteordeak; izan ere, salatu duenaren arabera, AEBk, segurtasun lanei dagokienez, gehiegizko karga hartzen du bere gain Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundean.
Beste alde batetik, nahiz eta AEBko presidenteordeak eskua luzatu dion Errusiari Trumpen administrazio berriak "Moskurekin lankidetzan aritzeko bide berrien" bila dabilela baieztatu ostean, aldi berean, Ukrainiaren inguruko bake-hitzarmenak errespeta ditzala eta indarkeria sustatzeari utz diezaiola ohartarazi dio Moskuri.
"Errusia bere ekintzen erantzule egiten jarraituko du AEBk, nahiz eta adostasunerako lekuen bila gabiltzan", jakinarazi du.
Islam biolentoa salatzea eskatu die agintari musulmanei Merkelek
Bere aldetk, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak ohartarazi duenez, "terrorismoaren arrazoia ez da islama bera, islamaren interpretazio okerra baizik". Era berean, agintari erlijioso islamiarrei eskatu die jihadismotik desberdintzeko eta urruntzeko.
Horrez gain, "egitura aldeaniztunak eta nazioartekoak" babestu ditu Merkelek, eta Europar Batasuna (EB), NATO, NBE eta G20 (herrialde garatuen taldea) aipatu ditu, "herrialde batek bakarrik konpon ezin ditzakeen gaur egungo erronkei" aurre egiteko tresna gisa.
Hala ere, Alemaniako kantzilerraren arabera, egitura aldeaniztun horiek ez dira "nahikoa eraginkorrak"; beraz, indartu eta hobetu egin behar direla nabarmendu du, "protekzionismoan eta isolamenduan" erori beharrean.
Eraberritu behar diren erakundeen artean, EBri egin dio batez ere erreferentzia. Besteak beste, moneta bakarra eraikitzerakoan eta mugimendu askeko eremuetan egindako akatsak onartu ditu.
NATOri dagokionez, gogoratu du Alemaniak aurrekontu militarra %2 gehitzeko konpromisoa hartu zuela 2014ean. Hori dela eta, Alemaniako Gobernuak "ahaleginak" egingo dituela baieztatu du, "helburu hori bete" nahi duelako.
Gainera, "oso kezkatuta" agertu da, Errusiak lurralde-osotasunaren printzipioa urratu duelako. Bere aburuz, printzipio horretan oinarrituta eraiki dira "segurtasuna eta bakea" Europan azken hamarkadetan.