Mundua -
Manifestazioak
Protesta jendetsuak Mexikon, Trumpen eta Peña Nietoren aurka
'Mexikarrok errespetua nahi dugu' ('Mexicanos exigimos respeto') eta 'Zubiak nahi ditugu, ez hormak' ('Queremos puentes, no muros') lelopean egin dute protesta.
Agentziak | Erredakzioa
Milaka pertsona Mexikoko hiri nagusienetako kaleetara irten ziren atzo, "#VibraMexico" lelopean, Donald Trump AEBko presidentearen aurka protesta egiteko. Gizarte zein enpresa arloko hainbat erakundez gain, unibertsitateek ere hartu zuten parte manifestazio horiek antolatzeko lanetan. Enrique Peña Nieto Mexikoko presidentearen aurkako kritikak ere entzun ziren.
Mexiko Hirian egindako manifestazioan subiranotasun nazionalari errespetua eskatu zioten. Independentziaren Aingeruan amaitu zen, Mexikoko ereserkia abestuz. Pankartetan, besteak beste, lelo hauek zeramatzaten, Trumpek agindutako mugako hormari erreferentzia eginez: "Mexikarrok errespetua nahi dugu" eta "Zubiak nahi ditugu, ez hormak".
Mexicanos Primero, Causa en Comun eta Mexikoko Unibertsitate Autonomoak antolatu zuten mobilizazioa. Mexikoko Gobernu Federalaren aurkako edo aldeko martxa ez zela esan zuten hasieratik, baina, hala ere, Peña Nieto presidente mexikarra kritikatu zuten.
AEB eta Mexiko arteko mugan dagoen Tijuana, Monterrey, Guadalajara eta Morelia hirietan egin zituzten protestak, eta Puebla eta Yucatan estatuetan ere antolatu zituzten manifestazioak.