Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Trumpek Neil Gorsuch aukeratu du Auzitegi Gorenerako hautagai gisa
Heriotza-zigorraz gain, erlijio-askatasuna defendatzen dituen epaile kontserbadorea da.
Agentziak | Erredakzioa
Donald Trump AEBko presidenteak Neil Gorsuch epailea aukeratu du Auzitegi Gorenean bete gabe dagoen lanposturako. Halaber, deia egin die Senatuko demokratei hautagaia babes dezaten, herrialdearen ongizatea bermatzeko. Izan ere, gutxienez oposizioaren zortzi boto beharko ditu kargua lortzeko.
"Hiritar estatubatuarrei emandako hitza bete dut, Neil Gorsuch Auzitegi Gorenerako izendatuta", esan zuen Trumpek asteartean Etxe Zurian eskainitako prentsaurrekoan. "Legediaren inguruan duen ezagutza apartagatik, adimen bikainagatik eta erakutsi duen berebiziko diziplinagatik" aukeratu du Trumpek Gorsuch, bere hitzetan.
Gorenean bizitza osorako kargua betetzeko hautagaia oso kontserbadorea da, eta, heriotza-zigorraz gain, erlijio-askatasuna defendatzen du, AEBko Gobernuaren erabakiaren gainetik.
Abortuaren inguruan inoiz epairik eman ez duen arren, Gorsuchen iritzian, "ez dago oinarri konstituzionalik" amaren erabakitzeko eskubidea umetxo baten bizitzaren aurretik jartzeko.
"Gure herrialdeko gizona da, gure herrialdeak benetan behar duen gizona", gaineratu zuen Trumpek. "Nire esperantza bakarra demokratek eta errepublikanoek, herrialdearen mesedetan, behingoz, bat egitea da", esan zuen.
Auzitegi Goreneko epaile bihurtzeko, Gorsuchek gehiengoa behar du Senatuan (60 boto), baina errepublikanoek 52 eserleku dituztenez, hainbat demokratak alde bozkatu beharko dute.
Senatuak proposamena onartuz gero, 2016ko otsailean hildako Antonin Scalia epaileak utzitako hutsunea beteko du Gorsuchek.