Mundua -

Estatu Batuak

Trumpi 'nahaspila ikaragarria' iruditzen zaio Europan gertatzen dena

Neurriaren arabera, Estatu Batuetako aireportuetara iritsi diren errefuxiatuak ezin dituzte haien herrialdeetara deportatu.

Protestak New Yorkeko JFK aireportuan, Trumpen aurka. EFE
Protestak New Yorkeko JFK aireportuan, Trumpen aurka. EFE
Protestak aireportu nagusienetan

1:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidenteak "muga indartsuak eta muturreko kontrolak" edukitzeko beharra azpimarratu du gaur, ostiralean gehiengo musulmana duten zazpi herrialdetako hiritarrei AEBra sartzeko ezarritako debekuari erreferentzia eginez.

"Gure herrialdeak muga indartsuak eta muturreko kontrolak behar ditu. Ikusi Europan eta mundu osoan gertatzen ari dena. Nahaspila ikaragarria da!". Mezu hori argitaratu du Twitterren.

Ameriketako Estatu Batuetako epaile federal batek blokeatu egin du Donald Trumpek gehiengo musulmana duten eta aurrekari terroristak dituzten zazpi herrialderi ezarritako betoaren atal bat.

Ann M. Donnelly Brooklyn Distritu Federaleko (New York) Epaitegiko epaileak erabaki duenez, aireportu estatubatuarretara iritsitako errefuxiatuak ezin dituzte haien herrialdeetara deportatu. Trumpen agindu exekutiboaren aurka Amerikako Askatasun Zibilen Elkarteak (ACLU) jarritako salaketa bati erantzun dio epaileak, premiazko bista batean.

Eskubide zibilak defendatzen dituen herrialdeko elkarte esanguratsuenetakoak, AEBn sartzeko baimen bereziak zituzten bi irakiar JFK aireportuan atxilotu ostean jarri zuen salaketa ACLU elkarteak. Trumpek agindua sinatu zuenez gero, 100 eta 200 pertsona artean atxiki dituzte.

Epailearen iritziz, Trumpen agindua jarraituz pertsona horiek haien herrialdeetara bidaltzeak "kalte konponezina" eragin lezake. Donnellyk ez du esan kaltetuak AEBn gera daitezkeen ala ez eta otsailaren 21erako audientzia deitu du, kasua berriz aztertzeko.

Trumpen erabaki polemikoa, jihadistaren aurka borroka egiteko

Donald Trump presidenteak agindu polemikoa sinatu zuen ostiralean, jihadismoaren aurka borrokatzeko asmoz. Lege-dekretuaren arabera, errefuxiatuek ezingo dute AEBn sartu 120 egunetan, eta 90 egunez ezin izango dute baimenik eman gehiengo musulmana eta aurrekari terroristak dituzten zazpi herrialdetako biztanleei: Libia, Sudan, Somalia, Siria, Irak, Yemen eta Iran. Kontaketa egiteko mekanismoak zehaztu arte mantenduko du neurria.

Erabakiak, ordea, kaosa eta haserrea eragin zuen ia mundu osoan, eta zenbait bidaiariri sarrera blokeatu zieten larunbatean AEBn. Horren ondorioz, protestak hasi ziren New Yorkeko JFK aireportuan eta herrialdeko beste hainbat tokitan.

Dena den, Trumpek adierazi zuen Gobernu amerikarra "guztiz prestatuta" dagoela ehun milioi pertsonari eragiten dion neurria ezartzeko.

"Agindua oso ondo ari da funtzionatzen. Aireportuetan ikus daiteke, toki orotan, berretsi zuen Trumpek.

Merkeli justifikaezina iruditzen zaio Trumpek ezarritako agindua

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak kritikatu egin du Donald Trump AEBko presidenteak zazpi herrialde musulmanetako hiritarrei AEBra sarrera debekatzeko emandako agindua, terrorismoaren aurkako neurri gisa.

"Kantzilerra ziur dago terrorismoaren aurkako borrokak ez duela justifikatzen edozein pertsona susmopean jartzea, sinesmen edo iragan jakin bat izateagatik", adierazi dio Steffen Seibert Merkelen bozeramaileak Der Spiegel egunkari alemaniarrari.

Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarrak AEBko presidentea babestu du

Netanyahuk Donald Trumpi babesa erakutsi dio Twitterren argitaratutako mezu baten bidez. Arrazoi duela onartzeaz gain, berak ere Israel hegoaldean horma eraiki zuela esan du, eta horri esker, legez kanpoko inmigrazioa etetea lortu zuela.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ameriketako Estatu Batuak bideoak Eguneko albisteak Donald Trump