Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Urte hauetan hartutako neurriak defendatu ditu Obamak
Bere gobernuak hartu dituen erabaki polemikoenak gogoratu ditu presidente kargua utzi aurretik egin duen azken agerraldian.
Agentziak | Erredakzioa
Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak azken agerraldia egin du Etxe Zuria utzi aurretik. Ostiral honetan, urtarrilak 20, AEBko presidente kargua utziko du, eta Donald Trumpek hartuko du Presidentzia. Hala, zortzi urte hauetan bere gobernuak onartu dituen neurri polemikoenak defendatu ditu, eta hartutako erabakiak arrazoitu ditu.
Obamak Chelsea Manning soldadu ohiaren indultua babestu du asteazken honetan egin duen agerraldian, eta hartutako erabakiarekin justizia egin dela gaineratu du. Ildo horretatik, analista estatubatuarrak espetxean zazpi urte igaro dituela esan du, eta epaimahai militar batek ezarri zion 35 urteko kartzela-zigorra neurrigabea dela gaineratu du. Manning Kansasko espetxe militar batean sartu zuten, isilpeko milaka dokumentu WikiLeaks atariari filtratu izana egotzita.
Halaber, Manningek egindakoagatik barkamena eskatu eta ardura guztia bere gain hartu zuela gogora ekarri du Obamak. Ondorioz, 2045ean barik, maiatzean aterako da kartzelatik.
Era berean, Palestinako asentamenduen inguran bere gobernuak hartutako erabakia azaldu du Obamak. AEBren abstentziori esker, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak ebazpen garrantzitsu bat onartu zuen abenduan, eta Israeli asentamenduekin ''berehala'' bukatzeko eskatu zion.
Obamak argudiatu duenez, Palestinaren eta Israelen arteko harremana bultzatzea eta bake iraunkorra lortzea izan zen AEBko Gobernuaren helburu bakarra.
?Ezin ditugu bi aldeak bakea adostera behartu?, adierazi du Obamak, baina bertan bizi direnek egun bizi duten egoera ?jasanezina? dela azpimarratu du. Halaber, azken asteotan nagusitu den indarkeria-bolada dela eta, Israelen bizi diren pertsona guztiak ere mehatxatuta daudela esan du.
Errusiari dagokionez (CIAren arabera, Errusiak hauteskundeak irabazten lagundu zion Donald Trumpi), AEBren eta gainerako herrialdeen helburu nagusia harreman ?onuragarria? eraikitzea dela esan du.
Dena den, Ukrainako gatazka armatuan eta Krimeako penintsularen inguruan izandako jarreragatik Errusiari jarritako zigor ekonomikoek indarrean jarraituko dutela jakinarazi du Obamak, ?Errusiak ez dituelako nazioarteko arauak errespetatzen?, horren esanetan. Alabaina, arauak beteko balitu eta portaera aldatuko balu, zigorrak bertan behera utziko lituzketela esan du.
Halaber, AEBk oinarrizko printzipioak defendatu behar dituela eta horren aldeko jarrera sustatu behar duela esan du Barack Obamak. ?AEB bezalako herrialde demokratiko batek oinarrizko balioak defendatzeko prest ez badago, ziur naiz Errusiak edota Txinak ez dituztela printzipio horiek babestuko?, gaineratu du.
Kubari dagokionez, 2014ko abenduaren 17an ekin zioten bideari jarraitzeko eskatu du Obamak, bien arteko harremanak egonkortzeko. Hala, ezberdintasunak alde batera uzteko eta hitz egiten jarraitzeko eskatu dio Kubari.