Mundua -
Elkarrizketa
'AEBk neurriak hartuko ditu Errusiaren aurka, eskua sartzeagatik'
Obamak esan du Putin tartean sartu zela eraso informatikoetan. "Zergatik galdu zuen Etxe Zuriak hainbeste denbora erantzuteko? Zergatik kexatu dira soilik Hillaryk galdu ostean?", esan du Trumpek.
Agentziak | erredakzioa
Barack Obama AEBko presidenteak ohartarazi duenez, bere gobernuak "neurriak hartuko ditu" Errusiaren aurka, emaitzetan eragiteko asmoz AEBko hauteskundeetan izan ziren eraso informatikoengatik.
"Uste dut ez dagoela zalantzarik; atzerriko edozein gobernuk gure hauteskundeetan eragin nahi badu, neurriak hartu behar ditugu, eta hala egingo dugu guk erabakitzen dugunean", esan du Obamak, NPR hedabide publikoan egin dioten elkarrizketa batean.
Presidentearen esanetan, gainera, neurri horietako batzuk "esplizituak eta publikoak izan litezke; beste batzuk, ordea, baliteke ez izatea".
Halaber, Obamak Vladimir Putinekin izan zuen bilera bat aipatu du, eta bertan bere iritzia adierazi ziola esan du: "Putinek badaki zer pentsatzen dudan honen inguruan, garbi hitz egin nion".
Erasoek emaitzetan izan zuten eraginaz ere galdetu diote presidente estatubatuarrari. Obamaren ustez, "ez dago zalantzarik giro bat eragin zutela aste batzuetan, eta, epe horretan, Hillaryren mezuak, Clinton Fundazioak eta Batzorde Demokrata Nazionalak erakarri zuten arreta".
Bestalde, Twitterren duen kontuaren bidez, Trumpek zalantzan jarri ditu inteligentzia erakundeek eta Obama presidentearen gobernuak eraso errusiarraren inguruan azaldutako ondorioak.
"Errusiak, edo besteren batek, eraso informatikorik egin bazuten, zergatik itxaron zuen hainbeste denbora Etxe Zuriak erantzuteko? Zergatik kexatu dira soilik Hillaryk galdu ostean?", idatzi du Trumpek.