Mundua -
1.000 egun karguan
Matteo Renzik dimisioa emango duela iragarri du porrotaren ostean
Renzik berak aurreratu zuen Konstituzioaren erreformaren galdeketan kale eginez gero kargua utziko zuela.
agentziak | erredakzioa
Matteo Renzi Italiako lehen ministroak iragarri du dimisioa aurkeztuko diola Sergio Mattarella Errepublikako presidenteari gaur, astelehena, bertan, igandean egindako erreferendumean porrot egin eta gero.
Renzik berak aurkeztutako erreformaren galdeketan ezetza gailendu dela ezagutu eta gero iragarri du bere asmoa Italiako Gobernuaren buruak.
"Erreformaren galdeketa egin dugu, ez gara sinesgarriak izan, sentitzen dut, baina bagoaz. Hasieratik argi zegoen moduan, Gobernuan egin dudan ibilbidea hemen bukatuko da", esan du Renzik "eztarrian korapiloa" zuela, bere esanetan.
Exekutiboan 1.000 egun bete berri dituen lehen ministro italiarrak aurreratu duenez, astelehen arratsaldean, Ministroen Kontseiluaren ostean, joko du Sergio Mattarella estatuburuarengana dimisioa aurkezteko.
"Eserlekuak murriztu nahi nituen, baina ez dut lortu. Nirea izan da erori den eserlekua", esan du.
Renzi, bere emaztearekin, prentsa aretotik irteten. Argazkia: EFE
Prentsaurrekoan, Agnese Lantini bere emaztearekin egon da Matteo Renzi, eta Gobernuan izan den bitartean erakutsitako "egonarria" eskertu dio.
Renzik berak aurreratu zuen Konstituzioaren erreformaren galdeketan kale eginez gero kargua utziko zuela.
Euroak galdu egin du
Euroak behera egin du gaur, astelehena, Frankfurteko (Alemania) diru-merkatua zabaldu denean, Italiako erreferendumaren eraginez, eta 1,0567 dolarrean dago. Ostiralean, 1,0659 dolarreko balioarekin itxi zuten.