Mundua -

Fidel Castro hil da

Fidel Castroren errautsek 'Che' Guevararen ondoan pasatuko dute gaua

Kubako iraultzaren buruzagiaren errautsak daramatzan karabana larunbatean iritsiko da Santiagora, ia 1.000 kilometro egin ostean, eta Santa Ifigenia hilerrian lurperatuko dituzte, igandean.

Fidel Castroren errautsak Santiagora bidean dira. Argazkia: EFE
Fidel Castroren errautsak Santiagora bidean dira

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fidel Castroren errautsak daramatzan karabana gaur iritsi da Kuba erdiguneko Santa Clara hirira, eta Kubako iraultzaren buruzagiak Ernesto 'Che' Guevararen ondoan igaroko du gaua.

Ostiralean hil zen Fidel Castro, 90 urte zituela, eta haren errautsak daramatzan karabana asteazkenean atera zen Habanatik Santiagora bidean. Uhartean barrena ia mila kilometroko ibilbidea egin ondoren, Santiagora iritsiko da larunbatean.

Milaka kubatar kalera atera dira azken orduotan Matanzas, Cienfugos eta Santa Clara hirietan Fidel Castrori azken agurra emateko.

Castroren errautsek 1959ko iraultza irabazi ondoren herriz herri egindako Askatasunaren Karabanako ibilbidea egingo dute, baina kontrako noranzkoan.

Santa Claran geldialdia egin ostean, segizioa Sancti Spiritus hirira abiatuko da.

Herriz herri egingo duen ia 1.000 kilometroko ibilbidea larunbatean amaituko da, Santiagon, eta egun horretan bertan agur ekitaldia egingo diote. Egun bat geroago, igandean, Castroren errautsak Santiagoko Santa Ifigenia hilerrian lurperatuko dituzte, Jose Marti Kubako independentziaren liderraren alboan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gaurko azken orduko albistea Kuba