Mundua -
AEB-ko kanpo politika berria
Zalantza hedatu da Kuban, Castro hil eta Trumpek irabazi eta gero
AEBko presidente hautetsiak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Obamak hasitako harreman berriak. Obamaren esanetan, Castro "pertsona paregabea" zen; Trumpen ustez, "diktadore lazgarria".
agentziak | erredakzioa
Fidel Castroren heriotzarekin batera inperialismoaren aurkako erreferenterik handiena ere desagertu da, une berezi batean: Donald Trump AEBko presidentetza-hauteskundeak irabazi eta ia berehala. Trumpek hitz gogorrak egin ditu, eta Baracka Obamak hasitako harreman berriak hausteko mehatxua egin du.
Hauteskunde-kanpainaren azken txanpan, Trumpek kubatar-estatubatuarren botoa bilatu zuen, Castrotarren aurrean jarrera irmoa izango duela eta Habanan ireki berri duten enbaxada itxiko dutela esanez.
Alderdi Errepublikanoaren primarioetan, Trump harreman diplomatikoak berrezartzearen alde agertu zen, baina kritikatu egin zuen Obama, akordioa hobea lor zezakeela iritzita. Orain, zalantza nagusitu da, ez baitago argi zein izango den bere jarrera Etxe Zurira heltzen denean.
"Ez da ezer erabaki", onartu du igandean Kellyanne Conway Trumpen aholkulariak NBCk egindako elkarrizketa batean. "Kargua hartu eta gero hartuko ditu erabakiak presidente hautetsiak", gaineratu du.
Halere, Reince Priebus urtarrilaren 20tik aurrera kabineteburua izango denaren esanetan, Trumpek askatasun politiko gehiago eskatuko dizkio Kubako Gobernuari, eta, lortu ezean, atzera egingo du. "Kubarekin ez da norabide bakarreko harremana izango, Castrorengandik neurririk ez badator", esan du Priebusek Fox katean.
Fidel Castro hil ondoren, "pertsona paregabea" izan zela adierazi zuen Obamak; Trumpek, berriz, "diktadore lazgarria" izan zela esan zuen.