Mundua -
bederatzi dolu egun
Kubatarren azken agurra Fidel Castrori, emozioz eta saminez
Fidel Castroren errautsak Santiagora eramango dituzte larunbatean eta han egingo dute buruzagi historikoaren aldeko azken omenaldi publiko eta jendetsua.
agentziak | erredakzioa
Hamarnaka milaka kubatarrek Habanako Iraultzaren Plazan hartu dute, Fidel Castrori azken agurra emateko, errautsak Santiagora eraman eta bertan hobiratu aurretik.
Astelehen honetan hasi dira Kuban iraultza egin eta 50 urtez gobernatu ostean, 90 urterekin hil den buruzagi historikoari agur esateko ekitaldiak. Omenaldiak abenduaren 4a arte luzatuko dira.
Gaur, Kuban 09:00ak direnean hasi (15:00ak, gurean) eta bihar iluntzera arte, 23:00ak arte, memorialera hurbiltzeko aukera izango dute, ostiralean, 22:29ean, hil zen lider iraultzaileari azken agurra emateko eta omenaldia egiteko.
Hasiera batean Kubako Gobernuak Fidel Castoren errautsak Iraultzaren Plazako Jose Marti memorialean izango zirela iragarri badu ere, azkenean ez da horrela izan eta buruzagi historikoaren argazkia eta kondekorazio militarrak jarrita.
Kubatarrak astiro eta etengabe ari dira Jose Marti memorialetik igarotzen, hiru orduz ilaran itxaron ondoren. Argazkian Castor errifle batekin ageri da. Azpian lore-koroa jarri dute. Eta inguruan militarrak daude, gala-jantziak soinean.
Kanpoan ilara luzeak daude. Jendetza dago erakinean noiz sartuko zain. Isiltasuna nagusi da, baina tarteka ‘Gora Fidel’ bezalako oihuak entzuten dira.
Eguzkiak gogor jo du astelehen honetan Habanan eta horrek ilaran zeuden zenbait herritar zorabiatzea eragin du.
Castrori azken agurra ematera “behartuta” daudela diote kubatarrek, komandanteak Kubako herriaren alde egin duen guztia aintzat hartuta.
Agurra Habanan
Kubako presidente zenean Fidel Castrok ehunka hitzaldi eman dituen leku horretan, ekitaldi jendetsua egingo dute asteartean, eta nazioarteko hainbat agintari eta pertsonaia bilduko dira bertan. Besteak beste, Juan Carlos I.a Espainiako errege emerituak baieztatu du ekitaldian egongo dela.
Kubaren herrialde aliatuen presidenteek ere hartuko dute parte ekitaldian, besteak beste, hauek: Nicolas Maduro (Venezuela), Evo Morales (Bolivia), Daniel Ortega (Nikaragua) eta Rafael Correa (Ekuador).
Halaber, Luiz Inacio Lula da Silva, Cristina Fernandez eta Pepe Mujica (Brasilgo, Argentinako eta Uruguaiko presidente ohiak) ere bertaratzea espero dute, Castrorekin harreman estua izan baitzuten.
Fidel Castroren omenaldian Arnaldo Otegi Sortuko idazkari nagusia ere izango da.
Otegik esan du ezker independentistarentzat Fidel Castro beti izan dela eta beti izango dela "erreferente politiko eta etiko bat". Hortaz, ezinbestekotzat jo du, "milaka kubatarrekin batera", Fidel Castroren azken agurrean.
"Niretzako ohorea izango da Jose Marti plazara itzultzea", erantsi du.
Askatasunaren Karabana
Asteazkenean, hilaren 30ean, Fidel Castroren errautsek uhartea zeharkatzeari ekingo diote, kubatar guztiek azken agurra emateko aukera izan dezaten. Hala, Askatasunaren Karabanak egin zuen bide bera egingo dute, baina kontrako noranzkoan.
Komandante ohiaren gorpuzkinak abenduaren 3an helduko dira Santiagora, Iraultzaren jaiolekura, Antonio Maceo enparantzan azken ekitaldi publikoa egiteko.
Igandean, abenduaren 4an, senideek intimitatean ehortziko dituzte Fidel Castroren gorpuzkinak, Santa Ifigenia Santiagoko hilerrian.