Mundua -
Dolu aldi nazionala
Honelakoa izango da Fidel Castroren azken agurra
Komandantearen aldeko hileta abenduaren 4an izango da Kubako Santiagoko Santa Ifigenia hilerrian.
Agentziak | Erredakzioa
Kubak bederatzi eguneko dolu aldia ezarri du Fidel Castro gogoratzeko. Ostiral gauean hil da buruzagi historikoa 90 urterekin, eta haren errautsek irla zeharkatuko dute kubatar guztiek agurtzeko aukera izan dezaten. Abenduaren 4ean hilobiratuko dute Kubako Santiagon.
Heriotza izan eta ordu gutxira ohar ofiziala kaleratu du Kubako Estatu Kontseiluak. Oharrean Fidel Castroren hileten eta dolu aldiaren berri eman dute.
"Doluak irauten duten bitartean ez da ikuskizun edo ekitaldi publikorik izango eta Kubako bandera masta erdian egongo da eraikin publiko eta militarretan. Era berean telebistak eta irratiak programazio informatiboa, patriotikoa eta historikoa eskainiko dute", iragarri du Kubako gobernuak ohar batean.
Kubatarrek azaroaren 28tik aurrera omendu ahal izango dute Komandantea Habanako Jose Marti Erreboluzioaren plazako memoria gunean. Bertan egongo dira bi egunez Fidelen errautsak. Enparantza horretan, gainera, omenaldi handi bat egingo diote Fideli. Horren ondoren hasiko dute Castroren errautsek Kuban barrena ibilaldia, Kubako Santiagora iritsi arte.
Errautsak abenduaren 3an helduko dira Kubako Santiagora. Egun horretan ekitaldi jendetsua aurreikusi dute Antonio Maceo enparantzan buruzagiari agur esateko.
Komandantearen aldeko hileta abenduaren 4an izango da Santa Ifigenia hilerrian.