Mundua -
Justiziaren erabakia
Ganberaren baimenik ezean, Mayren gobernuak ezin du 'Brexit' abiatu
Londreseko Auzitegi Nagusiak kolpe latza eman dio lehen ministroaren asmoei, eta baldintza ipini dio Lisboako Itunaren 50. artikulua aplikatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Erresuma Batuko ganberak hala erabakita abiatuko da 'Brexit'a. Londreseko Auzitegi Nagusiak ebatzi duenez, erakunde honi dagokio prozesua martxan jartzea, eta ez gobernu britainiarrari. Ganberaren baimenik ezean, 'Brexit'a ezingo da abiatu.
Justizia britainiarren erabakia zartako latza da Theresa May lehen ministroarentzat, honek erabakita zuelako Lisboako Itunaren 50. artikulua aplikatzea, eta bi urteko epean, Erresuma Batuak Europar Batasuna uztea.
Mayren hitzetan, ez zen beharrezkoa Parlamentuak 'Brexit'a berrestea, britaniarrek erreferendumean erabaki baitzuten EB uztea. Hori horrela, prozesua martxo amaieran abiatzea zeukan aurreikusita lehen ministroak.
Gobernu britainiarrak helegitea aurkeztuko duela iragarri du. "Herriak Europar Batasuna uztearen alde bozkatu zuen, eta erreferenduma Parlamentuak onartutako lege baten arabera egin zen", adierazi du exekutiboaren bozeramaileak ohar batean.
Ekintzaile taldek batek jarritako salaketa bati erantzun dio Auzitegiak. Euren ustez, gobernuak ez du Lisboako Itunaren 50. artikulua ezartzeko eskumenik.
Lisboako Itunaren 50. artikuluaren arabera, EBko estatukide batek Batasuna utz dezake "haren Konstituzioak egindako eskakizunei men eginda". Erresuma Batuak, ordea, ez du idatzizko Konstituziorik. Testuaren anbiguotasuna tarteko, hura aplikatzeko modua zehaztean zatiketa dago legelari britainiarren artean.