Mundua -
Harrera zentroetara
1.500 adingabe ateratzen hasi da Frantzia Calaisko 'oihanetik'
Inguruan adinekorik ez duten gazteak dira, gehienak Afganistanetik, Sudanetik eta Eritreatik etorritakoak, eta horietako askok Erresuma Batuan dute familia.
agentziak | erredakzioa
Frantziako Gobernua 1.500 adingabe ateratzen hasi da Calaisko 'oihana' izenez ezagututako kanpalekutik gaur, asteazkena. 6.000 bat adineko zenbatu dituzte guztira, eta kanpalekua desegintzat eman dute Frantziako agintariek.
Pas-de-Calais departamentuko gobernatzailearen bulegotik EFEri adierazi diotenez, haiekin adinekorik ez duten 1.500 bat adingabe 400 Behin Behineko Harrera Zentroetan banatzea espero dute gaur. Gazteak 30 autobusetan sartu eta handik 300 kilometrora eramango dituzte.
Frantziako agintariek adingabeen kasuak aztertu beharko dituzte, horietako askok Erresuma Batuan baitituzte senideak. Gehienak Afganistanetik, Sudanetik eta Eritreatik etorritakoak dira.
Gazteek Erresuma Batura joateko baimena jasoz gero, agintari frantziarrek baldintzak negoziatuko dituzte britainiarrekin.
Momentura arte, 274 dira Erresuma Batura heldu diren adingabeak, Frantziako Gobernuaren arabera.
Izan ere, Calaisen zeuden 1.500 gazteren egoerak tentsioa eragin du Paris eta Londresen artean, lurralde frantziarrean adingabeak babesik gabe ezin direla geratu Amber Rudd Barne ministro britainiarrak adierazi ostean.
Horren aurrean, bere zeregina bete egin duela erantzun zuen Frantziako Gobernuak, eta Londresi konpromisoak betetzeko eskatu zion.
Frantziako 100 bat parlamentarik gutun bat bidali zioten Ruddiri eta, horretan, gogorarazi egin zioten umeak eta adingabeak bi legek babestuta daudela; Dubli III.ak (familiak elkartuta egotea sustatzen duen zuzentarau europarra da) eta Britainia Handiko Parlamentuak 2016ko apirilean onartutako Dubs legea izenez ezagututakoak babestuta, hain zuzen.