Mundua -

Bigarren eztabaida

Presidente bada, kartzelara bidaliko duela esan dio Trumpek Clintoni

Eztabaida gogorra izan da. Clintonek Trumpen bideo matxista hartu du ahotan; errepublikanoak, Bill Clintonen sexu-eskandaluak.

Trumpek Clintoni: 'Presidentea banintz, zu kartzelan egongo zinateke'

1:55

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irainak, gaitzespenak eta hitz gogorrak. Horiek izan dira nagusi bart Ameriketako Estatu Batuetako Etxe Zurirako bi hautagaien artean egindako eztabaidan. Are gehiago, bera presidente bada, Clinton kartzelara bidaliko zuela esan du Trumpek.

Ostiralean zabaldutako Trumpen bideoa izan da eztabaidaren erdigunean. Emakumeen kontrako adierazpen iraingarriak egiten ageri da hautagai errepublikanoa grabazioan, eta bideoa borroka irabazteko baliatu nahi izan du Clintonek.

Kanpainaren unerik zailean dela jakitun, kontraerasora jo du Trumpek, eta Clintonek Estatu idazkari zela (2009-2013) erabilitako mezu elektroniko pertsonalen auzia atera du mahai gainera.

Horri aurre eginez, eskerrak eman ditu Clintonek Trumpen moduko bat "herrialdearen esku ez egoteagatik". Orduan bota ditu hautagai errepublikanoak bere mehatxua: "Presidente banaiz, kartzelara bidaliko zaitut".

Bideoarengatik barkamen eske

Bideoa ahotan, 2005ean egindako adierazpenak "harro egoteko modukoak ez" direla aitortu du Trumpek, eta "familiari eta AEBko herriari barkamena" eskatu die adierazpen horiengatik.

Dena dela, horren iritzian, bideoan esandakoak "gizonezkoen aldageletan egin ohi diren adierazpenak" dira, eta ez zaie horrenbesteko garrantzia eman behar. "Badira gauza garrantzitsuagoak, Estatu Islamikoa, esaterako", esan du.

Bill Clinton ere protagonista

Bideoagatik zetorkionari aurre egin nahian edo, prentsaurrekoa eman du Trumpek eztabaida egin baino lehen. Ondoan izan ditu sexu-abusuengatik Bill Clinton salatu zuten emakumeak, eta eztabaidara gonbidatu ditu.

Trumpen hitzetan, "AEBko historia politikoan emakumeak gehien jazarri dituen pertsonaia da Clinton".

Eraso pertsonaletatik harago, ia ez da astirik egon funtsezko gaiak aztertzeko; osasun erreforma, zergak, islamaren kontrako jazarpena eta Siriako gerra, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak Ameriketako Estatu Batuak bideoak Hauteskundeak AEB albisteak Trump gaur Hillary Clinton