Mundua -
Brexit-a
Cameronek uko egin dio Parlamentuko eserlekuari
Politikari kontserbadoreak ohar batean azaldu duenez, orain "erabaki garrantzitsuak" hartu behar dituzte Komunen Ganberan, Brexita dela eta, eta Parlamentuan egotea "distrazioa" izango litzateke.
agentziak | erredakzioa
David Cameron Erresuma Batuko lehen ministro ohiak iragarri du Parlamentuko eserlekuari uko egin diola, gobernuburu kargua utzi eta bi hilabetera.
Cameronek 49 urte ditu eta Erresuma Batuak Europar Batasunean jarraitu ala ez erabakitzeko erreferenduma galdu ostean utzi zuen kargua, Brexitaren kontrakoa baitzen. Orain, 2001etik bere esku dagoen Witney barrutiko eserlekua ere utziko du.
Politikari kontserbadoreak ohar batean azaldu duenez, orain "erabaki garrantzitsuak" hartu behar dituzte Komunen Ganberan, Brexita dela eta, eta bera Parlamentuan egotea "distrazioa" izango litzateke.
"Theresa Mayri babes osoa helarazten diot, eta ziur nago Erresuma Batuak aurrera egingo duela bere buruzagitza irmoarekin", adierazi du Cameronek. "Hemendik aurrera, Westminsterretik kanpo eraiki behar dut nire bizitza", erantsi du.