Mundua -

EAEko hauteskundeak

Trump: 'Obama Estatu Islamikoaren sortzailea da'

Alderdi Errepublikanoaren hautagaiak, mitin batean, adierazi ere adierazi du Hillary Clinton hautagai demokratak ere aipatu taldearen sorreran egon zela.

Donald Trump, asteartean egindako mitinean. Argazkia: EFE.
Donald Trump, asteartean egindako mitinean. Argazkia: EFE.
Donald Trump, asteartean egindako mitinean. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko Alderdi Errepublikanoaren hautagaiak mitin batean adierazi duenez, Barack Obama egungo presidentea "Estatu Islamikoaren sortzailea da".

Floridan egindako mitin batean, Trumpek salatu du Obamak nazioarteko terrorismoaren aurka egindako lana, eta esan du azken hori Estatu Islamikoaren sortzailea dela; halaber, hautagaiak nabarmendu du Hillary Clinton Alderdi Demokrataren hautagaia ere izan zela talde terrorista horren sorreran.

"Estatu Islamikoak errespetua zor dio Obama presidenteari. Obamak sortu zuen Estatu Islamikoa, eta Clintonen laguntza izan zuen", esan zuen Trumpek. Bitartean, hautagai errepublikanoaren jarraitzaileak oihuka zeuden, eta Clinton kartzelan sartzea galdegiten ari ziren.

Hillary Clintonen aurkako akusazio gehiago

Trumpek, Floridan egindako mitinean, azken mitinetan izan duen tonu erasokorrari eutsi dio. AEBko prentsaren gainean, esan du "iruzurra" egiten duela, eta "Hillary Clinton lizuna bezain lizuna" dela.

"Ikusi atzokoa (asteartekoa), adibidez", esan zuen, jarraitzaileen aurrean; egun horretako mitinean, eskatu zien Konstituzioaren Bigarren Zuzenketaren aldekoei Hillary Clintonen aurka egiteko. Bigarren Zuzenketan armak izateko eskubidea dago bilduta, eta, hortaz, batzuek ulertu dute biolentziarako deia modukoa izan dela adierazpena.

"Bigarren Zuzenketa babestu behar dugu, erasoak ari da pairatzen", esan du Trumpek orain; gerora, azpimarratu du Obamak ez duela esaten Orlandon (Florida) eta San Bernardinon (Kalifornia) atentatuak egin dituzten erradikal islamikoak "terroristak" direnik, eta esan du bere ustez Clintonek gauza bera egingo duela.

"Clintonek ez du esan nahi, Obama presidentea ez amorrarazteko; izan ere, hala egingo balu gauza txarrak berari gertatu lekizkioke, alegia, Clintoni", baieztatu du Trumpek.

Alderdi Errepublikanoaren hautagaiaren iritziz, "ikaragarria" da Omar Mateenen aita Hillary Clintonen asteleheneko mitin batean egon izana; hain zuzen, Omar Mateen 49 lagun hil zituen ekainean Orlandoko taberna batean.

"Hillary Clinton gustatzen zaio, ez duelako ezer esaten erradikal islamikoen aurka", adierazi zuen Trumpek.

AEBko hainbat hedabidek Seddique Mateen bertan egon zela zabaldu ostean, Clintonen taldeak esan zuen ez zutela Mateen gonbidatu, eta ekitaldian sartzeko edonork zuela aukera, sarrera eskatuz (3.000 sarrera banatu zituzten).

"Ez genuen gonbidatu pertsona hori, eta ekitaldia amaitu arte ez genekien, kanpainan gaudenok, bertan zegoela", esan du kanpainaren bozeramaile batek.

Alderdi Errepublikanoaren barruan, "bere iritzia" duen kide bat

Trumpek, zeinak berriro jo zuen bere burua "Alderdi Errepublikanoaren barruan, bere iritzia duen kidetzat”, ez zuen berez ezer adierazi asteartean armei buruz esandakoaren gainean: "Bide batez, Clintonek Auzitegi Goreneko epaileak hautatzea lortzen badu, ez dugu ezer egiterik; hala ere, Bigarren Zuzenketaren alde daudenek baliteke zerbait egiteko aukera izatea, ez dakit", nabarmendu zuen Trumpek asteartean.

Alderdi Demokratako hainbat ordezkarik arbuiatu zuten adierazpena, Clintonek berak ere; hautagaiak esan duenez, bere arerioak "marra gainditu du", eta hitzok "ondorio ikaragarriak" izan litzakete.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ameriketako Estatu Batuak Barack Obama argazkiak Hauteskundeak AEB argazkiak Estatu islamiarra berriak Gaurko azken orduko albistea Donald Trump Hillary Clinton albisteak Hillary Clinton biografia