Mundua -
Rio 2016
Brasilgo historia eta natura protagonista, Olinpiar Jokoen hasieran
Vanderlei Cordeiro de Lima maratoi korrikalari ohiak piztu du Maracana estadioko su-ontzia.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Brasilen abian dira 2016ko Rioko Olinpiar Jokoak, Hego Ameriketan egiten diren lehendabiziko Olinpiar Jokoak. Lau ordu pasatxo iraun duen irekiera ekitaldian agerian gelditu da Brasilek naturarekin duen lotura, eta harreman berezi hori izateko eskatu diote brasildarrek munduko gainerako herritarrei.
31. Olinpiar Jokoen irekiera ekitaldia Maracana estadioan egin dute. Fernando Meirelles zinegileak prestatutako inaugurazio ekitaldiak gorazarre egin dio naturari eta Brasilen historiari; zehazki, historian zehar Brasilgo gizartea osatu duten kulturei errepasoa eginez.
Fernando Meirelles zinegile eta ekoizle brasildarrak irekiera ekitaldia gidatzeko mandatua jaso zuen austeritate ekonomikoko garai betean, eta irekierarako prestatutako ikuskizunean Brasilgo historiaren errepasoa egin du, besteak beste, favelak eta hiriko hondartzak aipatuz. Ama lurrak ere protagonismo berezia izan du hasierako ekitaldian, eta kutsadurak eta lurraren berotzeak izan ditzakeen ondorio tragikoez ohartarazi nahi izan du Rioko antolakuntzak.
Maracana estadioan, pantaila erraldoi batean, Brasilen historia eta garapena irudikatu dituzte.
Musikak eta dantzak protagonismo berezia izan dute hasiera ekitaldian eta lau ordu pasatxo iraun duen zeremonian era guztietako doinuak entzun ahal izan dira, hala nola, Gilberto Gilen 'Aquele Abraco', Brasilgo ereserkia, Daniel Jobim, Zeca Pagodinho eta Marcelo Peixoto artistek interpretatutako 'La Chica de Ipanema', MC Soffiaren eta Karol Conkaren rap doinuak eta capoeira.
Zeremoniaren azken txanpan lurraren berotzeak munduko hiri nagusienetan izango dituen ondorioak erakutsi zuten. Riok utzi nahi duen legatua naturarekiko konpromisoa da. Hori dela eta, Olinpiar Jokoetako desfilean parte hartu duen kirolari bakoitzak hazi bat jalki du Rio de Janeiroko Deodoro inguruan lorategi bat eta Olinpiar basoa eraikitzeko, deforestazioari aurre egiteko asmoz.
Maracanan elkartu direnek txalo zaparrada handia eskaini diete errefuxiatuei eta Brasilgo kirolariei. Desfilea amaituta eta agintariek hitz egin ostean, Olinpiar Jokoetako bandera eta zuzia sartu dira Maracana estadioan.
Txistuak, behin-behineko Brasilgo presidenteari
Olinpiar Jokoen irekiera ekitaldira bertaratu direnek txistu egin diote Michel Temer behin-behineko Brasilgo presidenteari.
"Ikuskizun zoragarri honen ondoren, hasiera eman zaie 31. Olinpiar Jokoei", esan du Temerrek txistu eta "Fora Temer" oihuen artean.
Maiatzean Dilma Rousseff kargutik kentzea erabaki zuen Brasilgo kongresuak eta geroztik Michel Temer da, behin-behinean, herrialdeko presidente. Dilma Rousseffek gaur bertan haren Twitter kontuan aitortu duenez, triste dago Olinpiar Jokoen hasiera ekitaldira ez joateagatik.
Agintarien palkoa. Argazkia: EFE
Vanderlei Cordeiro de Lima maratoi korrikalari ohiak piztu du su-ontzia
'Guga' Kuerten Brasilgo tenislari ohia sartu da zuziarekin Maracana estadiora, su-ontzira bidean Hortencia Marcari saskibaloiko jokalari ohiari eman dio erreleboa eta Vanderlei de Lima maratoi korrikalari ohia izan da zuzia eramaten azkena eta su-ontzia piztu duena.
Vanderlei de Lima. Argazkia: EFE