Mundua -
Rio 2016
Olinpiar Jokoen erronkari krisi betean egingo dio aurre Brasilek
Herrialdearen atzeraldiak, egoera politiko nahasiak eta zikaren mehatxuak Hego Amerikan egingo diren lehen olinpiaden hasiera ilundu dute.
Agentziak | Erredakzioa
2009an Olinpiar Jokoak antolatzeko agindua jaso zuenean, Brasil modan zegoen. Herrialdearen per capita errenta % 19 hazi zen urte hartan, eta Rio de Janeirorena, % 30. Hazkundeak ongizatea zabaldu zuen, eta 20 miloi pertsona pobrezia egoeratik ateratzeko aukera eman zien brasildarrei. 2014ko Munduko Futbol Txapelketa, eta, batez ere, gaur hasi behar diren Olinpiar Jokoak bide oparo baten gailurra izatea espero zuten.
Dena okertu egin da, ordea. Ekonomiak ia % 4 egin du atzera, ustelkeria kasuak denera zabaldu dira, eta Dilma Rousseff presidentea eta haren alderdia, Langileen Alderdia, ezbaian dira. Hori gutxi balitz, zika birusaren mehatxupean dago Brasil.
Hego Ameriketan egiten diren lehen Olinpiar Jokoek krisi betean harrapatu dute Brasil. Egoera politikoa ezin nahasiagoa da. Bi presidente daude, bata behin-behinekoa, Michel Temer, eta kargutik kendutako Dilma Rousseff.
Rousseff, behin betiko alboratzear
Hitzordu olinpikoak ez du itsasaldi politikoa baretu, eta atzo bertan brasildarrek aukeratutako Dilma Rousseff presidentea kargutik behin betiko kentzeko pauso bat eman zuen Senatuak.
Aldeko 14 boto eta kontrako bostekin, prozesuak aurrera jarraitzeko argi berdea eman zuen. Senatarien ustez, Rousseffek "Konstituzioaren kontrako atentatua" egin zuen aurrekontuak kudeatzeko unean.
Txosten gogor hori mahai gainean, bi bozketa egin behar dituzte orain Senatuan: bata, datorren asteartean, eta bigarrena, abuztu amaieran.
Rousseff, 'impeachment'a berretsi zeneko bezperan. EFE
Bigarren bozketa horretan gehiengo batek Rousseffen kontra bozkatuko balu, Langileen Alderdiko burua behin betiko kargugabetuko lukete.
Hori horrela, Temer bilakatuko litzateke Brasilgo presidente - maiatzaren 12tik du behin-behineko kargua- 2019ko urtarrilaren 1era arte. Roussefferen aldekoek "estatu kolpea" egitea egotzi diote.
Inaugurazio ekitaldia
Ingurumaria honetan, Jokoen inaugurazio ekitaldian egoteari muzin egin diote Rousseffek eta Lula da Silva haren aurrekoak. Bien aldekoek iragarri dutenez, txistu eta oihu artean hartuko dute Temer.
Krisi politiko honek eraginda akaso, Estatu eta gobernuburu kopuru "apala" izango da ekitaldian. Oraingoz, 45 ordezkarik bakarrik esan dute joango direla (Londresen eta Pekinen ia 100 izan ziren).
Pentsa daitekeenaren kontrara, brasildarrek ez dituzte Olinpiar Jokoak gogo betez hartu. Askoren iritzian, ez da onargarria krisi ekonomiko latzean dagoen herrialde batek Jokoetarako "lan zentzugabeak" egin behar izatea. "Pobreenei" kalte egin dien "hirigintza espekulazioa" salatu dute beste batzuek.
Brasilgo jarraitzaile batzuk bakea aldarrikatzen. EFE
Izan ere, Olinpiar Jokoek apenas lagundu dute Brasilgo ekonomia suspertzen. Hasiera batean, inbertsoreen arreta bereganatu zuen Riok finantzen "porrota" ezarri zuen duela bi hilabete, eta langile publikoen soldatak ordaintzen laguntzeko dirua eskatu zuen.
Hori guztia gutxi balitz... zika
Krisi ekonomiko eta politikoaz gain, zika birusak gogor astindu du Brasil. Azkenaldian egoera zertxobait lasaitu bada ere, oraindik kezka handia dago lehiakideen eta ikus-entzuleen osasuna dela eta. Beldurrez, kirolari askok Jokoetan parte hartzeari uko egin diote, besteak beste, Milos Raonic, Simona Halep eta Bryan anaia tenislariek edota Jason Day golf jokalariak.
Nazioarteko Olinpiar Batzordeak eta Osasunaren Mundu Erakundeak gomendio sorta kaleratu dute.
Jokoetako langile bat, zika birusaren kontrako elastikoa soinean. EFE