Mundua -
Eskandalua
Alderdi Demokratako kideen emailak hackeatu izana kertzen hasi da FBI
Demokraten Konbentzio Nazionalaren buruak dimisioa emango duela iragarri du dagoeneko. Mezuotan Sanders hautagaiari aurre egiteko estrategiez hitz egiten dute, Clintonen mesedetan.
Agentziak | erredakzioa
Federal Bureau of Investigation (FBI) erakundeak iragarri du ikerketa bat abiatu duela Demokraten Batzorde Nazionalak (DNC) bidalitako 20.000 mezu elektroniko hackeatu diren argitzeko; hain zuzen, aurreko ostiralean Wikileaksek zabaldu zuenez.
"FBI zibererasoa ikertzen ari da, eta lanean ari gara jatorria eta eragina zehazteko", esan du FBIk ohar baten bidez.
"Horren moduko ekintza bat oso serioa da guretzat eta FBIk ikertzen jarraitu eta ziberespazioan mehatxu direnen kontra egingo du", gaineratu dutenez.
Filtrazioaren bidez, DNCk abiatutako estrategiak azaleratu dira, Bernie Sanders hautagaia ahultzeko, Hillary Clintonen aurrean primarioetan egindako lehia dela eta.
"Adituek esan digutenez, errusiarrek esku hartu dute DNCn, mezuak eraman zituzten eta orain zabaltzen ari dira", esan du gaur Robby Mook Clintonen hauteskunde-kanpainaren buruak, ABC Newsen.