Mundua -
'Brexit'
EBk Cameron estutu du eta harremanetarako 'eredu argi bat' eskatu dio
Cameron barik aurreneko bilera egin behar dute gaur Europar Batasuneko estatuburuek eta gobernuburuek.
Agentziak | Erredakzioa
EBtik atera ondoren, blokearekin izan nahi dituen harremanetarako “eredu argi bat” aurkezteko eskatu diote Europar Batasuneko estatuburuek eta gobernuburuek David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroari. Dibortzio prozesu formala lehenbailehen aktibatzeko eskatu diote gainera.
‘Brexit’a atzeraezina dela onartu dute EBko buruzagiek goi-bilera “lasai” batean, baina elkarri egindako akusazioak ez dira falta izan.
Erreferendumeko emaitza beste bat izatea gustatuko litzaiokeela onartu du David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak, baina galdeketa deitu izanaz ez dela damutzen erantsi du.
EBk immigrazioaren, barne merkatuaren eta Europako langileen zirkulazio askearen kezkei erantzuten ez duela jakin esan die Cameronek estatuburuei eta gobernuburuei afarian.
EBren aurkako kanpaina
Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak eta Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak ukatu egin dute erreferendumak emaitza hori izateko arrazoi nagusia hori izatea, eta Erresuma Batuan EBren kontra etengabe izandako kanpaina jo dute horren errudun.
“Hainbat urtetan zehar, hainbat hamarkadatan, zure boto-emaileei, zure herritarrei, EB txarto doala esaten badiezu, burokratikoegia eta teknokratikoegia dela, gero boto-emaileek ez sinesteak ezin zaitu harritu”, adierazi du Junckerrek.
Bestalde, Erresuma Batua EBtik ateratzeko erabakia atzeraezina dela azpimarratu du Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. Itxaropen ustelak egiteko unea ez dela ohartarazi du Merkelek, errealitatea onartzekoa baizik.
“Denbora batez ondorioak jasango baditu ere”, bere herriaren erabaki demokratiko bat errespetatzen ez duen gobernurik ez duela imajinatzen nabarmendu du Francois Hollande Frantziako presidenteak.
Mario Draghi Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidentearen hitzetan, ‘Brexit’ak eurogunearen hazkundea 0,3 edo 0,5 puntu murriztuko du datozen hiru urteetan.
Cameron barik aurreneko bilera egin behar dute gaur Europar Batasuneko estatuburuek eta gobernuburuek, EBren proiektuaz gogoeta egiteko. Irailaren hasieran Bratislavan bilduko dira berriro.