Mundua -
Ekonomia ministroa
Osborne: 'Erresuma Batua Brexitaren erronkei aurre egiteko prest dago'
Ekonomia ministroaren agerraldia merkatuen urduritasunari aurre egiteko saiakera izan da; izan ere, libera esterlinak % 2,6 egin du behera goizaldean dolarraren aurrean.
Agentziak | Erredakzioa
?Brexit?aren erronkei aurre egiteko, Erresuma Batuaren ?sendotasuna? goraipatu du gaur George Osborne Ekonomia ministroak.
Burtsa zabaldu baino lehen eta merkatuak lasaitu nahian, Erresuma Batuko ekonomia egoera berrira egokitzea ?saihestezina? dela onartu du Osbornek Londresen. Ekonomia ?orokorrean sendoa? dela esan die enpresaburuei, eta ?negozioentzat ateak zabalik? dituztela erantsi du.
EBtik ateratzeko negoziazioei dagokienez, lehen ministro berriari itxarotea ?zentzuzkoa? dela uste du ministroak, David Cameronek urrian dimisioa emango duela iragarri ondoren.
Ekonomia ministroaren agerraldia merkatuen urduritasunari aurre egiteko saiakera izan da; izan ere, libera esterlinak % 2,6 egin du behera goizaldean dolarraren aurrean (libera baten truke, 1,34 dolar eman dute).
Bitartean, mundu guztiko burtsetan urduritasuna nabaria da. 'Brexit'aren ondorengo lehen astelehenean, Asiako burtsek beherantz egin dute, eta Europan ere kezka da nagusi orain.
IBEX 35 indizeak igoerekin hasi du eguna, baina beherantz egin du gero. Frankfurt eta Paris ere galerekin zeuden eguerdian, Erresuma Batuko zurrunbilotik irten ezinik.
77.000 sinaduraren iruzurra
Bestalde, Erresuma Batuan beste erreferendum bat egitea eskatzeko abiatu duten herri-ekimeneko 77.000 sinadura baliogabe utzi dituela jakitera eman du Komunen Ganberako Eskakizunen Batzordeak, iruzurra izan delako.
Batzorde horretako presidenteak azaldu duenez, gaia ?oso serio? hartu dute, eta sinaduren jatorria ikertzen jarraituko dute. 3,2 milioi sinadura jaso ditu jada ekimenak.