Mundua -
'Brexit'
Sturgeon: 'Bigarren independentzia referenduma mahai gainean dago'
Bitartean, Londreseko alkateak hiriburuaren independentzia aldarrikatzeko, eskakizuna sinatu dute100.000 pertsona baino gehiagok. Gainera, milioi bat sinadurek beste referendum bat eskatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Erresuma Batuak Europar Batasuna uzteko erabakia hartu ondoren, “Eskoziak EBn duen tokia babesteko”, Europako erakundeekin “berehala hitz egitea” eskatuko duela esan du Nicola Sturgeon Eskoziako ministro nagusiak.
Gainera, Gobernuak eskualdean bigarren independentzia referendum bat egiteko legedia bultzatuko duela agindu du Sturgeonek, aukera hori “mahai gainean dagoelako”.
Bestalde, Sadiq Khan alkate laboristak Londresen independentzia aldarrikatzeko eta Europar Batasunarekin bat egitea eskatzeko, 100.000 sinadura baino gehiago bildu ditu herri ekimen batek. Gainera, Erresuma Batuan beste erreferendum bat egiteko milioi bat sinadura baino gehiago bildu dituzte Parlamentuko webgunean.
108.028 pertsona
James O'Malley Londreseko herritarrak bultzatutako ekimenak 108.028 babes jaso ditu dagoeneko. O’Malleyren hitzetan, Londres desberdina da eta, beraz, alde egin beharko luke. “Londres nazioarteko hiri bat da eta Europaren bihotzean jarraitzea nahi dugu”, dio testuak.
“Londresen independentzia aldarrikatu eta Europar Batasunarekin, Schengen eremua barne, bat egitea” eskatu dio O’Malleyk Khani, baina euroaz “aurrerago hitz egingo dugu…”.
Erresuma Batuak EBn jarraitzea babestu zuten Londreseko boto-emaileen % 60k. Batasunetik ateratzea % 40k soilik babestu zuten hiriburuan.
1.086.840 babes
Bigarren eskakizunak 1.086.840 babes jaso ditu. Gainera, proposamenarekin bat egin nahi zuten pertsonek Komunen Ganberako webgunea kolapsatu zuten atzo.
“Jarraitu edo ateratzeko botoa % 60aren azpitik baldin badago, eta parte-hartzea % 75a gainditzen ez badu, beste referendum bat egin beharko litzateke”, planteatu die William Oliver Healeyk diputatuei testuan.
Ganberako eskakizunen batzordeak bilera datorren asteartean egin behar du, gaiari buruzko eztabaida bat egin ala ez erabakitzeko.