Mundua -

Sarraskia Orlandon

Trumpek musulmanei AEBn sartzen ez uzteko eskatu du berriro

AEBko Presidentetzarako hautagai errepublikanoak Barack Obamaren dimisioa eskatu du eta kritika gogorrak egin dizkio Hillary Clinton hautagai demokratari.

Donald Trump. Argazkia: EiTB
Donald Trump. Argazkia: EiTB
Donald Trump. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidente izateko hautagai errepublikanoak musulmanei herrialdean sartzeko debekua ezartzea eskatu du berriro eta Barack Obama AEBko presidentearen dimisioa eskatzeaz gain, Hillary Clinton hautagai demokratari kritika gogorrak egin dizkio.

"Orlandon gertatu dena hasiera baino ez da. Gure buruzagiak ez dira eraginkorrak eta ahulak dira. Nik hori esan nuen eta debekua eskatu nuen. Gogor jokatu behar da", idatzi du Trumpek Twitterren duen kontuan.

Halaber, Trumpen kanpainako arduradunek komunikatu bat argitaratu dute Orlandoko sarraskiaren inguruan. Orlandoko tiroketaren ondoren egindako adierazpenetan "islam erradikala" hitzak erabiltzeko gai ez izatea egotzi dio Trumpek Obamari. "Horregatik baino ez bada ere, dimisioa eman beharko luke", horren iritzian.

"Atentatu horren ondoren Hillary Clintonek bi hitz hauek, 'islam erradikala', esan ezin baditu, utzi egin beharko luke AEBko presidente izateko lehia", adierazi du.

Trumpen esanetan, "jarrera gogor bat hartzen ez badugu eta azkarrak ez bagara, laster ez dugu herrialderik izango". "Gertatuko zela iragarri zuen eta okerrera joango da. Bizitzak salbatu nahian eta hurrengo atentatu terrorista saihestu nahian ari naiz. Ezin gara politikoki zuzenak izan", gaineratu du.

Bestalde, Ekialde Hurbileko etorkinak eta errefuxiatuak onartzeko tasa handitu nahi izatea leporatu dio Hillary Clintoni. "Ezin ditugu horiek guztiak zelatatu eta ezin dugu saihestu bigarren belaunaldia erradikalizatzea", nabarmendu du.

Hori guztia dela eta, jatorri eta sinesmen guztietako estatubatuarrak "terrorismo islamiko erradikaletik" babesteko deia egin du. "Estatubatuar guztien presidentea izango naiz. AEB herrialde seguru eta handia izango da berriro", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB 2024 Albisteak Donald Trump albisteak