Mundua -

Errefuxiatuen krisia

Gas negar-eragileak Idomenin, hainbat errefuxiatu sakabanatzeko

Hesia laster irekiko zutelako zurrumurrua hedatu dutenez, 500 bat lagun bildu dira errefuxiatu-esparruaren mugan, Greziako aldean: Igaroko gara, ala hilko gara". Mazedoniako Poliziak karga egin du.

Mazedoniako Poliziak karga egin du errefuxiatuen aurka. Argazkia: EFE.
Mazedoniako Poliziak karga egin du errefuxiatuen aurka. Argazkia: EFE.
Liskarrak errefuxiatuen eta Poliziaren artean Greziako mugan

1:03

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mazedoniako Poliziak gas negar-eragileak erabili ditu Idomenin, aipatu errefuxiatu-esparruaren hesian bildu diren 500 bat errefuxiatu sakabanatzeko, Greziako mugan. Hala eman dute jakitera Reuters albiste-agentziako hainbat lekukok.

Istiluek zurrumurru bat izan dute abiapuntu; izan ere, esparruan eskuz idatzitako liburuxka bat banatu zuten, non esaten zitzaien errefuxiatuei hesiaren aurrean biltzeko, muga irekiko zutelakoan.

Mazedoniako Poliziak hainbat manifestariri hori ez zela gertatuko azaltzen zien bitartean, beste batzuk hasi zitzaizkien harriak botatzen segurtasun indarrei; agenteek gas negar-eragileak erabiliz erantzun zuten.

Agenteak, euren burua defendatzeko

Greziako Poliziaren iturriek aitortu dute hasiera batean "tentsio-uneak" izan direla, bestelako xehetasunik eman gabe, baina gerora Mazedoniako agintariek baieztatu dute istiluak izan direla eta aseguratu dute agenteek euren burua defendatzeko jardun dutela.

Idomeni

Argazkia: EFE.

"Poliziari harriak bota dizkiote, eta agenteek, erantzuteko, gas negar-eragileak erabili dituzte", Mazedoniako iturri ofizialen arabera. "Hesiaren aurka ari ziren, Greziako aldetik, baina hesiak hor darrai, ezin izan dute sartu", azaldu dute.

Liskarren ondorioz, 300 bat lagun artatu behar izan dituzte medikuek, arnas arazoek jota edo zaurituta. Mugarik Gabeko Medikuak GKEaren arabera, gas negar-eragileak jota, 200 bat lagun kutsatu dira, beste 30 batek pilota-talka jasan dute, eta beste 20 bat oro har zauritu dira.

Horietatik, zazpi Kilkiseko ospitalera eraman behar izan dituzte. Lau jada kanpalekura itzuli dira, eta gainerako hirurak ez daude larri, ospitaleak jakinarazi duenez.

"Gaur, hesia zeharkatuko dugu, ala hilko gara"

Goizean goiz protesta bat izanda. Hainbat errefuxiatu bildu dira hesiaren ondoan, "hesia zeharkatuko dugu, ala hilko gara" oihukatuz. Tentsioa sortu da, eta, azkenean, istiluak hasi dira. Russa Today Errusiako agentziako hainbat kazetarik eman dute guztiaren berri.

Zenbait GKEk salatu dutenez, Mazedoniako Poliziak indarkeria erabili izan du Idomeniko errefuxiatu-esparruan. Mugarik gabeko Medikuak erakundeak dituen hainbat mediku-zentroko gaixo batzuek aseguratzen dute herrialde horretako segurtasun indarrek tarte batean bahitu dituztela, esparrutik gertu eta hutsik dauden eraikin jakin batzuetan, non hainbat orduz agurtu dituzten.

Zonaldean lanean dagoen Alvaro Saiz boluntarioak eitb.eus-i jakinarazi dionez, arratsaldean zehar liskarrei eutsi dizkiete 200 bat lagunek osatutako talde batek eta Poliziak. Litekeena da bihar eraso berria egotea, eta errefuxiatuak hesia gainditzen saiatzea berriro ere. Hori dela eta, zauritu gehiagoren beldur dira bertako boluntarioak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Grezia Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan argazkiak