Mundua -
Panamako Paperak
Blesa Panamako Paperetan agertzen den offshore batean dago
Caja Madrideko presidente ohiak "ahalorde bat izan zuen" Mossack Fonseca abokatuen konpainia panamarrarekin sortutako elkarte batean. Enpresa bat eratzeko erabili zuten elkartea.
Agentziak | Erredakzioa
Miguel Blesa Caja Madrideko presidente ohiak "ahalorde bat izan zuen" Mossack Fonseca abokatuen konpainia panamarrarekin sortutako elkarte batean. Elkartea "enpresa bat sortzeko eta Espainian inbertsio handiak egiteko" erabili zuten, El Confidencialek eta La Sextak jakitera eman dutenez.
Danforth Investment konpainian dago Blesa ahaldun. 1989an sortu zuten Birjina uharteetan; britainiarra da lurralde hori, eta adituek diote paradisu fiskala dela. El Confidencialen arabera, Danforth Investmenti esker sortu zuen Blesak Danforth Iberica enpresa Espainian, 1992an; gaur egun, 700.000 euro baino gehiagoko kapital soziala du berorrek, merkataritza-erregistroan dauden datuen arabera.
1991n, Blesari ahalordea eman baino hilabete batzuk lehenago, Danforth Investmentsek CANSA Construcciones Aeronavales SA enpresa espainiarraren capital sozialaren % 45 erosi zuen, 52 milioi pezeta baino gehiago ordainduta (315.000 euro), bulego panamarrak dituen agirietan agertzen denez. Blesa Caja Madrideko administrazio kontseiluko presidentea izan zen, 1996tik 2009ra, eta 2013tik ikertzen ari dira; izan ere, epe horretan hainbat irregulartasun jazo zirelakoan daude.