Mundua -
Errefuxiatuen krisia
204 lagun deportatu ditu Europak 'lotsaren ituna'ren lehen egunean
Turkiara eramandako lagunen artean Pakistango, Afrika iparraldeko, Bangladesheko, Sri Lankako, eta Kongoko herritarrak daude. Siriarrik, ez.
Agentziak | Erredakzioa
Errefuxiatuak Turkiara kanporatzeko prozesua, giza eskubideen aldeko elkarteek "lotsaren ituna" deitu dutena, alegia, apirilaren 4 honetan abiatu du Europak. Zehazki, Greziako Lesbos eta Quios irletatik 204 lagun deportatu dituzte Turkiara.
Lehen bi ontziak Grezian 07:30 zirenean abiatu dira Lesbosetik (04:30 GMT), eta hirugarren bat Quios irlatik atera da 09:00etan (06:00 GMT). Lehen bi ontziak Dikiliko portura (Turkia) heldu dira 10:20 aldera (07:20 GMT).
Greziako albiste agentziak jakinarazi duenez, deportatu beste polizia daramatzate ontziok.
Turkiara eramandako lagunen artean Pakistango, Afrika iparraldeko, Bangladesheko, Sri Lankako, eta Kongoko herritarrak daude. Siriarrik, antza, ez.
Kanporatutako lagunetako bat, Turkiako Dikili portura heltzean. EFE
Lesbosen dagoen Ane Irazabal EiTB berriemaileak jakinarazi duenez, Ewa Moncure Frontexeko bozeramaileak adierazi du gaur ez dela deportazio gehiago egongo:
Istilurik ez da izan goizean. Lesbosen, manifestari talde bat batu da portuan eta ontziak atera direnean "lotsa" oihukatu dute.
Greziako Gobernuak atzo ohartarazi zuenez, errefuxiatuen oldarraldiak espero dituzte eta segurtasun neurriak jarriko dituzte hori saihesteko. Greziak eta Turkiak euren araudia moldatu behar izan behar dituzte ituna gauzatu ahal izateko. Greziako Parlamentuak ostiralean onartu zuen EB-Turkia ituna, 169 diputatuk alde bozkatuta.
Turkian ziren lehen siriarrak, Alemaniara
Bien bitartean, Turkian zeuden errefuxiatu siriarrak Europara bidaltzen hasi dira. Hala, 16 lagun Hanoverreko aireportura heldu dira gaur hegazkinez, Alemaniako Poliziak jakinarazi duenez.
Istanbuletik atera da hegazkina, eta eguerdian errefuxiatu kopuru bertsua duen beste hegazkin bat irtengo da 12:15 aldera.
Die Welt Alemaniako egunkariaren arabera, 16 lagunak Goettingengo harrera zentrora eraman dituzte autobusez.
'Lotsaren ituna'
ACNUR errefuxiatuen Nazio Batuen agentziaren eta giza eskubideen alde lanean ari diren elkarteen ustez, itunak ez du nahikoa berme legalik, eta "lotsagarria" dela salatu dute.
ACNURren datuen arabera, 3.300 errefuxiatu baino gehiago daude Lesbosen. 2.600 bat Morjako zentroan daude; horietatik gehienek, 2.000k asilo eskaerak egin dituzte.