Mundua -
Errefuxiatuen krisia
Gaur helduko dira Greziatik Turkiarako lehen 400 errefuxiatuak
Turkiako Gobernuak ukatu egin du Siriatik heltzen ari zaizkion errefuxiatuak Siriara bertara itzultzen aritzea; Greziak, aldiz, ez ditu baztertzen biolentzia-egoerak deportazioak hasten direnean.
Agentziak | Erredakzioa
Astelehen honetan, apirilaren 4an, helduko dira Turkiara Greziatik deportatuak izango diren Ekialde Ertaineko lehen 400-500 errefuxiatuak; izan ere, Europar Batasunarekin adostutako akordioa astelehenean ezarriko dute lehen aldiz, Efkan Ala Barne ministroak jakitera eman duenez. Turkiako Gobernuak, halaber, ukatu egin du Siriatik heltzen ari zaizkion errefuxiatuak Siriara bertara itzultzen aritzea; hala salatu du asteon Amnistia Internazionalak; Greziak, ordea, ez ditu baztertzen biolentzia-egoerak, deportazioak hasten direnean.
"Akordioa bihar hasiko da ezartzen, apirilaren 4an. Orain arte, Greziak 400 izen eman dizkigu. 500 eskatu ditugu. Baliteke azkenean 500 izatea", esan du ministroak CNNTurk egindako adierazpenetan.
Alak esan ere esan du Pakistan, Afganistan eta Irakeko herritarrak euren herrialdeetara itzuliko dituztela, Afganistanen eta Iraken gerra badago ere eta teorian, ondorioz, bertako herritarrek eskubidea dute asiloa eskatzeko: "Siriarrek beste tratu bat izango dute", nabarmendu du ministroak; hau da, siriarrek aukera izango dute Turkian geratzeko, baina ez besteek.
Errefuxiatu-esparruetara eramango dituzte
Alak azaldu duenez, errefuxiatuak, Turkiara heldu eta berehala, errefuxiatu-esparruetara eramango dituzte, Anatoliara (herrialdeko barnealdean dago Anatolia); "eta, Europar Batasunarekin dugun akordioaren testuinguruan, hainbat errefuxiatu Europar Batasunera bidaliko ditugu", zehaztu du.
CNNTurkek jakinarazi duenez, Greziatik deportatutako errefuxiatuak Dikili hirira helduko dira bihar, itsasaldera, bi ontzitan. Bertan, hatz-markak hartuko dizkiete, eta erregistratuko dituzte, Anatoliara eraman baino lehen. Ministroak adierazi du azken egunetan 300 bat errefuxiatu ari direla heltzen egunero Turkiatik Greziako Lesbos uhartera.
Baliteke biolentzia-egoerak jazotzea
Greziako Gobernuak, bitartean, uste du aukera dagoela biolentzia-egoerak jazotzeko, errefuxiatuen aldetik, deportazioak hasten direnean. Hala onartu du gaur errefuxiatuen kudeaketa-zentroaren bozeramaile Yorgos Kyritsisek.
"Ez dugu baztertzen biolentziarik egotea, desesperatuta dagoen jendeak joera du biolentoa izateko", esan du Kyritsisek; "ez ditugu tratatuko kriminalak balira bezala", gehitu du.
Turkiak ukatu egin ditu AIren akusazioak
Turkiako Gobernuak, bestalde, ukatu egin ditu Amnistia Internazionalak asteon egindako salaketak; AIren arabera, Siriatik Turkiara heltzen ari diren errefuxiatuak Siriara bertara ari dira itzultzen. Gobernu turkiarrak dio orain arteko politikari eusten diola; hala jaso du gaur toki-komunikabideek argitaratu duten agiri batek.
"Salaketa horiek ez dute errealitatea islatzen", esan du Kanpo Arazoetarako Ministerioak ohar horretan; Turkiak deitoratzen du "horrelako albisteak hain zabal partekatuak izatea".
Kanpo Arazoetarako Ministerioak esan du Turkiak ez duela politika aldatu, eta ateak zabalik daudela errefuxiatuentzat, azken urteotan bezala. Ia hiru milioi siriar heldu dira Turkiara, epe horretan.