Mundua -
Martxoaren 8an gertatu zen
Trumpen kanpainaren burua atxilotuta, kazetari bati erasotzeagatik
Kazetariak galdera bat egin zion Trumpi eta, orduantxe, Corey Lewandowskik indarrez heldu zion, hainbat ubeldura eraginda. Trumpen inguruek diote errugabea dela.
agentziak | erredakzioa
Corey Lewandowski Donald Trump hautagai errepublikanoaren hauteskunde-kanpainaren burua atxilotu dute kazetari bati eraso egitea leporatuta, prentsaurreko batean, Jupiterreko (Florida) Poliziak zabaldu duenez.
Lewandowskiri eraso delitua egotzi diote Michelle Fields kazetariari "indarrez heltzeagatik", Trumpek Jupiterren duen golf klub batean emandako prentsaurreko batean, martxoaren 8an.
Fieldsek (28 urte) Breitbart News Network interneteko hedabide kontserbadorearentzat lan egiten zuen eta esan du Lewandowskik indarrez heldu ziola besotik, berak Trumpi galdera bat egin eta gero.
Trumpen bozeramale batek esan du gaur, asteartea, Lewandowski (41 urte) "guztiz errugabea" dela.
Halere, Fieldsek emandako bertsioa bat baino gehiagok baieztatu du, esaterako Ben Terris The Washington Posteko kazetariak. Benek esan du ikusi zuela eraso egin ziotenean.
Era berean, Poliziak adierazi duenez, segurtasun kamerek grabatutako bideo batean ikus daiteke Fieldsen bertsioa zuzena dela.
Kazetariak uko egin zion Breitbarten zuen lanpostuari erasotik astebete baino gutxiagora, ez baitu horren babesa jaso.
Halaber, Ben Shapiro Breitbarten editore ohiak ere alde egin du, hedabideak kazetaria "abandonatu" duelako Trump "babesteko", AEBko Presidentetzarako errepublikanoen hautagaitzaren buru delako.