Mundua -
BISITA HISTORIKOA
Obama: ‘AEBk Kubari blokeoa kentzeko garaia da’
AEBtako Kongresuaren esku dago Kubari blokeo ekonomikoa kentzea; nahiz eta oraingoz horretarako beharrezkoa den gehiengorik ez duten, gero eta ordezkari gehiago dago neurri horren aurka.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Barack Obama AEBtako presidenteak astearte honetan Kongresuari adierazi dio badela “garaia Kubari blokeo ekonomikoa kentzeko”, herrialde horri kalte egiten dion neurria delako.
Obama Habanako Alicia Alonso Antzoki Handian mintzatu zaio Kubako herriari. AEBtako presidenteak esan du “errazagoa” izan beharko litzatekeela Kubarentzat, eta herrialdean “edozeinek” izan beharko lukeela Interneterako sarbidea.
“Aldaketari ez genioke beldurrik izan behar. Are gehiago, aldaketa besarkatu beharko genuke”, azpimarratu du Obamak AEBtako Kongresuari eta Kubako erregimenari zuzendutako mezu batean.
AEBtako presidenteak, Kubarekin harremanak normalizatzeko helburuarekin, orain dela 15 hilabete blokeoa arintzeko dekretu batzuk agindu zituen. Kubari blokeo ekonomikoa kentzea AEBtako Kongresuaren esku dago. Gaur egun, Kongresuko bi ganbarak errepublikanoen eskutan daude.
Kongresu estatubatuarrean, blokeoa kentzearen aldekoek ez dute neurria baliogabetzeko adina boto lortu. Hala ere, geroz eta gehiago dira blokearen kontra dauden politikariak. Horren erakusgarri da 40 legegilek (haien artean errepublikanoak) osatutako ordezkaritza batek bidaiatu izana Kubara, Obamarekin batera.
Atzo Raul Castro Kubako presidentearekin izan zuen bileran, Obamak nabarmendu zuen blokeoa “amaitu” egingo dela. Elkarrizketa batean, AEBtako presidenteak argitu zuen bere ondorengoa, demokrata ala errepublikanoa izan, arduratuko dela blokeoa indargabetzeaz.