Mundua -

Leherketak Bruselan

Belgikak gorenera igo du alerta maila, leherketen ostean

Leherketen ondorioz, dozenaka lagun hil eta hainbat zauritu dira.

Belgikak alerta 4.mailara igo du. Argazkia: EFE
Belgikak alerta 4.mailara igo du. Argazkia: EFE
Belgikak alerta 4.mailara igo du. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Belgikak gorenera igo du alerta maila atentatu arriskuagatik, gaur Bruselan, Zaventemgo nazioarteko aireportuan eta Maelbeekeko metro-geltokian, leherketak izan eta gero, Belgikako Barne Ministerioak jakitera eman duenez. Leherketa horien ondorioz, dozenaka lagun hil dira eta hainbat zauritu dira, RTL katearen arabera.

"Alerta maila laugarrenera igo da herrialdea osoan", Jan Jambon Belgikako Barne ministroak RTBF Belgikako irrati telebista publikoari egindako adierazpenen arabera.

Bruselako metroko sarea itxi egin dute Maelbeekeko metro-geltokian leherketa izan ondoren. Aipaturiko geltokia Bruselako bihotzean dago, Europako Batzordearen, Europako Parlamentuaren eta Europako Kontseiluaren egoitzetatik gertu.

Metroa ez ezik, garraio publikoaren sare osoa etetea erabaki dute agintariek.

"Bruselako garraio publikoa etenda dago. Tren-geltokiak eta metro-geltokiak itxita daude. Geldi zaitezte zaudeten tokian", ohartarazi du Belgikako Krisi Zentroak sare sozialen bidez.

Halaber, metroa, tranbia eta autobusak kudeatzen dituen garraio konpainiak linea guztiak etenda daudela jakinarazi du.

Bestalde, Belgikara doan Eurostar tren-zerbitzua bertan behera gelditu da. Eurostarren arabera, Londrestik Bruselara atera diren trenak Lille hirian (Frantzia) gelditu dira.

Frantziak eta Herbehereek mugetako segurtasuna indartu dute

Herbehereetako Poliziak segurtasuna indartu du aireportuetan eta mugetako kontrolak areagotu ditu, Bruselan gaur izandako leherketen ondorioz.

Belgika eta Frantzia arteko muga itxita dago, bai trenez bai errepidez, Liberation egunkariak zabaldutakoaren arabera. Thalys tren-zerbitzuko arduradun batek egunkari horri baieztatu dioenez, Belgikako Gobernuak hartutako erabakia izan da.

Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroaren hitzetan, segurtasun alorreko beste 1.600 pertsona arituko dira lanean garraio publikoko segurtasuna eta mugetako kontrolak indartzeko.

Parisko atentatuen ondotik, Frantziak segurtasuna indartu zuen, baina orain baliabide gehiago jarriko ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Brusela albisteak Belgika albisteak Gaurko azken ordukoa