Mundua -

Erasoak Bruselan (Belgika)

15 pertsona hil dira Maelbeekeko metro-geltokian izan den leherketan

Eztanda Maelbeekeko metro-geltokian gertatu da, Brusela erdialdean, Europako erakundeetako egoitzetatik gertu. Gutxienez 55 lagun zauritu dira erasoan.

Maelbeekeko metro-geltokia Bruselan. Argazkia: EFE
Maelbeekeko metro-geltokia Bruselan. Argazkia: EFE
Kaosa Brusela erdigunean

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beste leherketa batek, hirugarrenak, gutxienez 15 hildako eta 55 zauritu utzi ditu Bruselan, Europako erakunde politiko nagusien egoitzak dauden auzoan.

Eztanda Maelbeekeko metro-geltokian gertatu da, Brusela erdialdean, Europako erakundeen egoitzetatik gertu. Metroaren zerbitzua bertan behera geratu da hiri osoan.

EBko erakunde nagusietatik hurbil dago geltokia. Ordu batzuk lehenago, bi eztanda izan dira Zaventemgo aireportuan. 11 pertsona hil eta 35 zauritu dira leherketa horien ondorioz.

Aireportua husteko agindua eman dute agintariek, eta hegazkinen joan-etorria mugatu dute.

Schuman geltokia ere hustu dute, baina oraingoz ez dute argitu bertan ere eztandarik izan den.

 

 

Hiru leherketa eraso terroristak izan direla baieztatu du Belgikako Fiskaltzak. Terrorismoaren aurkako Fiskaltza Federalak argibideetako epaile bat izendatu du, gertatutakoaren jarraipena egiteko, erakundeak agiri batean azaldu duenez.

Michel: "Une beltza da"

Herrialdearentzat “une beltza” dela esan du Charles Michel Belgikako lehen ministroak, eraso horietan biktima ugari izan direla baieztatu ondoren. “Hildako eta zauritu asko daude, horietako batzuk larri daude”, adierazi du Michelek prentsaurrekoan. Biktimen kopuru zehatzik ez du eman, baina “orain sekula baino gehiago lasaitasuna” eskatu die herritarrei.

Belgikak alerta maila gorenera (4. mailara) igo du herrialde osoan. Leherketak jazo eta gutxira bildu da krisialdiak aztertzeko mahaiak, eta dauden lekuan geratzeko eskatu die herritarrei.

Muga, itxita

Gainera, Belgika eta Frantzia arteko muga trenez zein errepidez itxi dute, Liberation egunkariaren esanetan.

Muga itxi dutela baieztatu dio Thalys tren-zerbitzuko arduradun batek egunkariari. Belgikako Gobernuaren erabakia izan dela gaineratu du.

Frantziako segurtasun indarrek zaintza neurriak areagotu dituzte Ile-de-France eskualdean, Parisen eta inguruetan, Poliziako prefetak iragarritakoaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bruselako albisteak gaur Belgika Atentatuak Jihadismoa Gaurko azken orduko albistea