Mundua -
Errefuxiatuen krisia
Turkiarekin adostutako akordioari berme legala eman nahi dio EBk
Lehenik, akordioaren inguruan estatu kideek agertu dituzten erreparoak konpondu beharko dituzte Europako buruzagiek. Behin betiko proposamena ostiralean emango diote Davutogluri.
Agentziak | Erredakzioa
Greziara heltzen diren etorkin eta errefuxiatu guztiak Turkiara kanporatzeko berme legalak bilatuko dituzte gaur Europar Batasuneko gobernuburuek eta estatuburuek, Europako eta nazioarteko zuzenbidea ?erabat errespetatzeko?.
Lehenik, akordioaren inguruan estatu kideek agertu dituzten erreparoak konpondu beharko dituzte Europako buruzagiek. Behin betiko proposamena ostiralean emango diote Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroari. Davutoglu Bruselara joango da, bileran parte hartzeko.
Siriako errefuxiatuak Turkiara erbesteratzea neurririk polemikoena da. Hala, nazioartearen babesaren bila Europar Batasunean legez kanpo sartzen saiatzen ari direnei presioa egin nahi diete.
Kanporatze kolektiboak
Besteak beste, Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak (ACNUR) egitasmoaren ?legezkotasunik eza? kritikatu zuen, eta espediente bakoitza ?Grezian indibidualki ebazteko? eredua lortzeko lanean ari dira orain EBko agintariak.
Kanporatze kolektiborik izango ez dela defendatzen dute EBko buruzagiek eta, ondorioz, planak asilo zuzentaraua, Giza Eskubideen Gutuna eta Genevako Konbentzioa errespetatuko duela. Aurreakordioa ?onartezina? dela esan du Espainiak, eta errefuxiatuen kanporatze kolektiboak errefusatuko dituela erantsi du.
Greziatik kanporatzen diren Siriako errefuxiatuak Turkiatik birkokatzeko egitasmo bat eskaini du Europar Batasunak. Pertsonekin trafikatzen duten mafien ?negozio eredua hautsiko? duela ziurtatu dute buruzagiek.
?Aldi baterako banan-banan? printzipioa sisteman aplikatu nahi dute, Europako goi-kargudun batek azpimarratu duenez. Planak funtzionatzen baldin badu, aurrerago borondatezko programa batera pasako lirateke, epe luzera errefuxiatuak birkokatzen jarraitzeko.
Turkian errefuxiatuei laguntzeko 6.000 milioi euro eskatu zituen Ankarak. EB ordaintzeko prest dago, Turkiak etorkinen etorrera gelditzen baldin badu.