Mundua -
AEBko hauteskundeak
Hillary Clinton nagusi, Ipar Mariana uharteetako 'caucus'etan
Errepublikanoen artean, Marcos Rubiok irabazi ditu Columbiako 'caucus'ak eta Wyoming estatuan, ostera, Ted Cruzek aurrea hartu die gainerako hautagaiei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hillary Clinton Bernie Sandersi nagusitu zaio Ipar Mariana uharteetako 'caucus'etan, Etxe Zurirako hauteskundeetarako demokraten hautagaia aukeratzeko prozesuaren baitan.
Clintonek botoen % 54 eskuratu du (102 boto) eta Sandersek, ostera, bozen % 34 (65 boto). Estatu idazkari ohiak Ipar Mariana uharteetan jokoan zeuden sei delegatueko lau bereganatu ditu eta Sandersek bi.
Orain arte Clinton da delegatu gehien bereganatu dituena (766 ordezkari), Bernie Sandersen aurretik (551 ordezkari). Demokraten artean 2.383 delegatu behar dituzte Etxe Zurirako hautagaia izateko.
Orain martxoaren 15eko "astearte handian" jarria dute arreta biek ala biek, izan ere, hauteskundeak izango dira Floridan, Illinoisen, Misurin, Ipar Karolinan eta Ohion.
Rubio eta Cruz, garaile
Errepublikarren artean Marco Rubiok irabazi ditu Columbiako barrutian egindako 'caucusak' eta Ted Cruz nagusitu da Wyoming estatuan egindako bozketatan.
Rubiok botoen % 37,3 lortu du Columbiako barrutian (Washington hiriburua barne hartzen du), John Kasichen (% 35,5), Donald Trumpen (% 13,8) eta Ted Cruzen (% 12,4) aurretik. Guztira, 19 delegatu zeuden jokoan: 10 Rubiok berenagatu ditu eta gainerako 9ak Kasichek.
Wyoming estatuan, ostera, Ted Cruzek aurrea hartu die gainerako hautagaiei, botoen % 66,3 eskuratuta (12 delegatu). Haren atzetik Marco Rubio (botoen % 19,5 eta delegatu bat) eta Donald Trump (botoen % 7,2 eta delegatu bat) sailkatu dira.
Orain arte Donald Trumpek 460 ordezkari lortu ditu, Ted Cruzek 370 eta Marco Rubiok 163. Errepublikanoen kasuan 1.237 delegatu behar dituzte Etxe Zurirako izendapena izateko.
Columbian lorturiko emaitzek astearteko hitzordurako indarra emango dio Ted Cruzi; izan ere, lehian jarraitu ala ez izango du jokoan.