Mundua -
Akordioa
EBk Turkiaren jokoa onartu du errefuxiatuak gelditzeko
Hala, nahiz eta gatazka batetik etorri eta nazioartearen babesa jasotzeko eskubidea izan, siriarren erbesteratzea onartzeko orduan zalantzarik ez dute izan Europar Batasuneko buruzagiek.
Agentziak | Erredakzioa
Europara datozen etorkinak eta errefuxiatuak, tartean siriarrak, geldiarazteko Turkiaren eskaera berriak onartu dituzte EBko buruzagiek. Besteak beste, beste 3.000 milioi euro eman eta bisen liberalizazioa azkartuko du Europar Batasunak.
EBko agintariek Zaman Turkiako egunkariaren bahiketa ez dute aintzat hartu bileran, eta nahiz eta gatazka batetik etorri eta nazioartearen babesa jasotzeko eskubidea izan, siriarren erbesteratzea onartzeko orduan zalantzarik ez dute izan.
Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroak azken orduan mahai gainean jarritako egitasmo berria eztabaidatu dute buruzagiek.
Alemaniaren esku-hartzea edo Turkiaren plana
Turkiaren egitasmoa Alemaniak idatzi ez duela ziurtatu du Angela Merkel kantzilerrak. Merkelen ahotan, plana ?Turkiarena da?.
Hala ere, Turkiaren ideia berriak Davutoglu, Merkel eta Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroaren artean prestatu dituztela onartu dute EBko iturriek.
?Turkiatik Greziako uharteetara doazen etorkin guztiak? bueltatzea onartzeko konpromisoa hartu du Ankarak, aberriratzeko ?kostuak beti EBk ordaintzen baldin baditu?, Europako agintarien adierazpen bateratuaren arabera.
Turkiak berriro onartzen duen siriar bakoitzeko beste siriar bat eramango dute EBko Estatu kideek.
3.000 milioi euro
Trukean bisen liberalizazioa ekaina baino lehen egitea onartu du EBk. Era berean, 2016an eta 2017an errefuxiatuak artatzeko 3.000 milioi euroak martxoa bukatu baino lehen bideratzeko konpromisoa hartu dute Europako buruzagiek.
EBko agintariak Davutoglurekin berriro bilduko dira datorren astean. Ordura arte Turkiaren proposamen berriaren sei ardatz nagusiak lantzeko konpromisoa hartu dute.