Mundua -
Barne-hauteskundeak
Rubioren eta Sandersen aurrerapauso txikia AEBetako caucusetan
Rubiok bere bigarren garaipena lortu du errepublikanoen barne-hauteskundeetan Puerto Ricon irabazita; bitartean Sandersek bere zortzigarren garaipena erdietsi du lehia demokratan, Mainen.
EFE
AEBetako barne-hauteskundeetan garaipen txikiak lortu dituzte Marco Rubio eta Bernie Sanders senatariek. Hautagai demokraten arteko debate arinak jardunaldia markatu du hurrengo sari handiaren atarian: Michigango estatua.
Rubiok bere bigarren garaipena lortu du errepublikanoen barne-hauteskundeetan Puerto Ricon irabazita; bitartean Sandersek bere zortzigarren garaipena erdietsi du lehia demokratan, Mainen.
Barne-hauteskundez beteriko asteburua itxi dute bozketek; izan ere, larunbatean caucusak Kansas, Nebraska, Luisiana, Kentucky eta Mainen egin zituzten. Rubio hautagaiak arnasa hartu du. Orain arte boto-emaileak konbentzitzeko arazoak izan ditu alderdi errepublikanoaren hautagaiak.
“Botoen % 70 bereganatu ditut Puerto Ricoko uhartean”, zoriondu da Rubio Boisen (Idaho), mitin batean. Caucusak asteartean egingo dituzte errepublikanoek estatu horretan.
Uhartean jokoan zeuden 23 ordezkariak lortu ditu Floridako senatariak, Donald Trumpi eta Ted Cruzi ia 60 puntuko aldea atera ondoren.
Marco Rubio senatari errepublikanoa Toa Bajan (Puerto Rico). Argazkia: EFE
Hurrengo hitzorduak: Florida eta Michigan
Puerto Ricoko herritarren botoa martxoaren 15ean, Floridan, gertatuko beharrekoaren adibide izatea espero dute Rubioren kanpainako arduradunek. Floridak sari potoloa emango dio irabazleari; izan ere, 99 ordezkari bereganatuko ditu. Hala ere, orain arte Trump da faborito inkestetan.
Bien bitartean, demokraten artean, Sandersek ipar-ekialdean duen nagusitasuna berriro agerian utzi du Mainen. Senatari demokratak botoen % 64 eskuratu ditu. Hillary Clinton Estatu idazkari ohiak, aldiz, bozen % 35 lortu ditu soilik.
Astearte honetan, Michiganen gertatzen dena garrantzitsua izango da. 147 ordezkari banatuko ditu estatu horrek. Clinton da faborito inkestetan.