Mundua -
Grezia
5.000 errefuxiatu, Mazedoniako mugan harrapaturik
Mazedoniak burdin sare bat altxatu du errefuxiatuen eta etorkinen sarbide nagusian, hegoaldeko mugan.
Agentziak | Erredakzioa
Mazedoniako mugan harrapaturik dauden milaka etorkinak lekualdatzen hasi da Greziako Polizia.
Etorkinak gertuko trenbideetan geratu ziren Mazedoniara igarotzea ez lortu ondoren. Reuters albiste-agentziak lekukoak aipatuz jakitera eman duenez, autobus batzuk heldu dira eguneko lehen orduan.
Agentziak egindako estimazioen arabera, 1.200 bat pertsona Idomenin daude, gehienak Afganistango etorkinak edo bidaia jarraitzeko beharrezkoak diren agiriak ez dituzten lagunak.
5.000 bat pertsona bildu dira bi Greziako iparraldean, Mazedoniako mugatik hurbil. Uharteetatik Greziara heldu diren beste 4.000 pertsonari iparralderantz ez abiatzeko eskatu diete agentzia humanitarioek, inbutu bat sortzearen beldur direlako.
Balkanetako oztopoa
Europako mendebaldera eta iparraldera joateko ibilbidean, Siriatik eta Iraketik ez datozen errefuxiatuak gelditzen hasi dira Balkanetako herrialdeak.
Hala, Mazedoniak burdin sare bat altxatu du errefuxiatuen eta etorkinen sarbide nagusian, hegoaldeko mugan. Yannis Mouzalas Greziako Immigrazio ministroak Mazedonia kritikatu du, krisiaren erantzukizunak saihesten ari delako.
Soldaduak burdin sarean, Mazedonia eta Greziaren arteko mugan. Argazkia: EFE
Urtarriletik 100.000 errefuxiatu eta etorkin baino gehiago heldu dira Europara
Bestalde, urtarriletik 100.000 errefuxiatu eta etorkin baino gehiago heldu dira Europara Mediterraneotik, Migraziorako Nazioarteko Erakundeak gaur jakitera eman duenez. Horietatik, 97.000 baino gehiago Greziatik sartu ziren, eta gainerakoak Italiatik (7.500 bat).
Epe horretan 410 pertsona hil dira hondoratzeetan , 321 Mediterraneoko ekialdeko ibilbidean, Turkiako kostaldearen eta Greziako uharteen artean, alegia. Errefuxiatuentzako ibilbiderik zitalena da egun.
Otsailean 26.000 errefuxiatuk Greziaren eta Mazedoniaren arteko muga gurutzatu dute, nahiz eta orain Siria, Irak eta Afganistango herritarrek bakarrik muga zeharkatzeko baimena izan.
Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak zehaztu duenez, Mediterraneotik Greziara heltzen diren pertsonen % 90 gerratik eta jazarpenetik ihes egiten ari dira eta errefuxiatu estatusa jaso beharko lukete.