Mundua -
AEB
Obamak baieztatu egin du Kubara joango dela martxoan
Calvin Coolidge izan zen, 1928 urtarrilean, Kuba bisitatu zuen AEBetako azken presidentea.
Agentziak | Erredakzioa
Barack Obama AEBko presidenteak baieztatu egin du Kubara joango dela martxoan. Hori horrela, 88 urtean uhartera joango den lehen estatuburu estatubatuarra izango da.
Etxe Zuriak zehaztu duenez, agintariaren bisita martxoaren 21ean eta 22an izango da, eta, ondoren, Argentinara joango da 23an eta 24an.
"Hurrengo hilabetean Kubara joango naiz, aurrerapena eta kubatarren bizimodua hobetzeko esfortzuak sustatzeko", adierazi du Obamak berak, Twitterren.
Beste txio batean, presidenteak gaineratu du oraindik ere "ezberdintasunak" daudela bi herrialdeen arteko gobernuen artean, normalizazio prozesua abiatu duten arren. Horregatik, gai horiei "zuzenean" heldu nahi diela nabarmendu du.
"AEBk mundu osoan defendatuko ditu giza eskubideak", esan du.
Horren esanetan, AEBk eta Kubak duela 14 hilabete abiatutako prozesuak "aurrerapauso nabariak" izan ditu. Izan ere, besteak beste, enbaxadak berriz ireki dituzte, eta, atzo bertan, hegaldi komertzialak ere baimendu zituzten.
Habanaren erantzuna
Kubako Gobernuak uste du Barack Obama AEBko presidentearen bisita bi herrialdeen arteko erlazioan "aurrerapausua" dela eta "Kubako errealitatea ezagutzeko aukera bat". Modu berean, gai guztien inguruan arituko direla azaldu du, tartean Giza Eskubideak.
"Obamak Kubako errealitatea hurbiletik ezagutu dezan aukera garrantzitsua dela uste dugu, baita azken urteotan herrialdearen alde egin duguna erakusteko ere. Kubako herriaren ongizatea hobetzea dugu helburu", azaldu du Josefina Vidal Kanpo Harremanetako ministerioaren Estatu Batuetako erlazioak eramaten dituen zuzendariak.
Giza Eskubideei dagokionez, Vidalek adierazi du "Kuba Estatu Batuekin edozein gairi buruz hitz egiteko irekita" dagoela, "baita Giza Eskubideei buruz". Bi herrialdeen artean "ikuspuntu eta ikusmolde" ezberdinak daudela gaineratu du.
Azkena Calvin Coolidge izan zen
Bisita 2014an iragarritako harremanen normalizazio prozesuaren amaiera izango da. Calvin Coolidge 1928ko urtarrilean Kuba bisitatu zuen AEBetako azken presidentea izan zen.
Orduan, Amerikako Estatuen Nazioarteko seigarren Konferentzia egin zuten Habanan. Gerardo Machado Kubako presidenteak Coolidge hartu zuen.
AEBetako historian Kuba agintaldian bisitatu zuen azken presidentea eta bakarra izan zen Coolidge; izan ere, Jimmy Carter demokrata uhartera bi aldiz joan da (2002 eta 2011), baina Etxe Zuria utzi eta hamarkada batzuk geroago.
Disidenteekin bilera
2016an, legealdiko azken urtean, Kuba bisitatzea espero zuela aurreratu zuen iragan abenduan Obamak, Yahoo atarian, baina uharteko disidenteekin biltzeko baldintza jarri zuen.
Harremanak normalizatzeko markoan, bi herrialdeen arteko hegaldi komertzialak 50 urte geroago berrekuratzeko akordio historikoa sinatu zuten atzo Kubak eta AEBek.
Gainera, azken urtean Kubak eta AEBek enbaxadak zabaldu eta ingurumen babeserako hitzarmenak eta zuzeneko posta zerbitzua berreskuratzeko akordioak sinatu dituzte.