Mundua -
Akordio historikoa
Kuba eta AEB arteko zuzeneko hegaldi komertzialak, berriro
Egunero Habanara 20 hegaldi eta uharteko beste aireportuetara beste 10 aurreikusten ditu akordioak. Gainera, Kuba eta AEB aspalditik lotzen dituzten charter hegaldiak ez dira bukatuko.
Agentziak | Erredakzioa
Hegaldi zibilen inguruko memorandum bat sinatu dute Kubako eta AEBetako gobernuek Habanan. Hala, 50 urte baino gehiago pasa ondoren zuzeneko hegaldi komertzialek bi herrialdeak lotuko dituzte udazkenetik aurrera.
?Kubaren eta AEBen arteko harremanetan egun historikoa da gaurkoa. Bost hamarkada geroago AEBek eta Kubak aireko garraio zerbitzu erregularra izateko memoranduma sinatzen ari gara?, adierazi du Anthony R. Foxx AEBetako Garraio idazkariak.
Foxxez gain, Adel Yzquierdo Kubako Garraio ministroak, Charles H. Rivkin Estatu Departamentuko Negozio eta Gai Ekonomikoetarako idazkariaren ondokoak eta Alfredo Cordero uharteko Aeronautika Zibileko Institutuaren presidenteak akordioa sinatu dute.
Hegaldi komertzialekin bi herrialdeen arteko loturak ?indartzen jarraitzeko? konpromisoa azaltzen dutela goraipatu du AEBetako Garraio idazkariak. Memorandumaren sinadurak Kuba eta AEBen arteko harremanetan garai berri bati hasiera ematen diola azpimarratu du Adel Yzquierdo ministroak.
Egunero 30 hegaldi
Egunean Habanara 20 hegaldi eta uharteko beste aireportuetara beste 10 aurreikusten ditu akordioak. Gainera, Kuba eta AEB aspalditik lotzen dituzten charter hegaldiak ez dira amaituko, Charles H. Rivkin idazkariaren ondokoak azaldu duenez.
Orain AEBetako airelineek ibilbideak aukeratzeko eskaerak Garraio Departamentuaren aurrean aurkeztu beharko dituzte, lizitazio prozesuan.
Hegaldi komertzialen inguruko adostasuna abenduaren 17an lortu zuten bi exekutiboek, Kubak eta AEBek harremanak berreskuratu eta urtebete geroago.