Mundua -
Errefuxiatuen krisia
45.000 errefuxiatu siriar, Turkiak muga noiz zabalduko zain
Merkel Ankaran izango da gaur, EBk Turkiarekin adostutako plana bultzatzeko asmoz. Bien bitartean, Alepon izaten ari diren bonbardaketatik ihesi dabiltza milaka lagun.
Agentziak | Erredakzioa
Milaka dira jada Siria eta Turkia arteko mugan, zain, dauden errefuxiatuak. Alepon izaten ari diren bonbardaketa eta borroketatik ihesi, Europara heltzeko bideari ekin diote errefuxiatuek.
"Atzo 35.000 ziren, gaur 45.000 bat dira, eta oldea handitzen doa: Alepotik familiak heltzen ari dira, etengabe, izan arabiarrak, turkomanoak edo kurduak", adierazi du Emrullah Ozturk IHH Turkiako laguntza humanitariorako elkarteko bozeramaileak.
Turkiako mugatik ehun bat metrotara, Siriako lurraldean, aldi baterako kanpalekuak altxatzen hasi da IHH.
Rami Abderrahman Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren zuzendariak azaldu duenez, bestalde, iheslarien egoera "oso zaila" da, asko dira, eta ez dago laguntza humanitario nahikorik.
Abderrahmanen hitzetan, Turkiatik kanpin-dendak eta janaria heltzen hasi da, baina ez dago denentzat.
Pawel Krzysiek Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak Sirian duen bozeramaileak nabarmendu duenez, erakundeko langileak ezin izan dira oraindik gune horretara heldu, eta laguntza banatzeke dago.
Siriako Armadak, Errusia lagun, Alepo iparraldea bonbardatzeari ekin zion otsailaren 1ean, eta Al Nursa talde yihadistari kontrolpean zuen eremua kentzea lortu du.
Merkelen bidaia
Ingurumaria honetan, Ankarara bidaia du gaur Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak. Europar Batasunak (EB) Turkiarekin sinatutako errefuxiatuen krisiari aurre egiteko Ekintza Plana bultzatzea du helburu bisitak.
Iaz izenpetu zuten Plana Turkiak eta EBk. Bruselak 3.000 miloi euroko laguntza emango zion Ankarari herrialdean dauden 2,5 milioi errefuxiatuei laguntzeko. Trukean, Greziarekin duen muga gehiago kontrolatzeko konpromisoa hartu zuen Turkiak. Errefuxiatu adingabeei hezkuntza bermatu eta helduak lan merkatura batzeko eginahalak ere egin beharko luke Erdoganen gobernuak, betiere Plan horren arabera.