Mundua -

Desafio berria

Ipar Koreak irismen handiko misil bat jaurti du

Pyongyango Gobernuak ziurtatu duenez, satelite bat jarri du orbitan.

Kim Jong-un Ipar Koreako presidentea. Artxiboko irudia: EFE
Kim Jong-un Ipar Koreako presidentea. Artxiboko irudia: EFE
Ipar Koreak misila bota du ortzira

0:57

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Koreak gaur ziurtatu duenez, irismen handiko misil bat jaurti eta satelite bat jarri du orbitan. Nazioarteko komunitateak, ostera, misilen ezkutuko entsegutzat jo du jaurtiketa.

KCTV Ipar Koreako telebistak zabaldutako informazioaren arabera, Ipar Koreak lurra behatzeko satelite bat jarri du orbitan. AEBko eta Hego Koreako gobernuetako iturriek jaurtiketaren arrakasta baieztatu dute. Dena den, bi herrialdeetako agintariak datuak ikertzen ari dira operazioari buruzko xehetasun gehiago eduki ahal izateko.

Jaurtiketaren arrakasta baieztatuz gero, Ipar Koreak satelite bat orbitan jartzen duen bigarren aldia izango da; izan ere, hainbat alditan porrot egin ostean Kwangmyongsong-3 izeneko satelitea jaurti zuen 2012an.

Ipar Koreak Kwangmyongsong-4 satelitea irismen handiko misil batekin jaurti du Sohaeko basetik, Ipar Koreako telebista berri eman duenez.

Jaurtiketa horren ondotik, Hego Koreak, Japoniak eta AEBk premiazko bilera egitea eskatu diote Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseiluari. Litekeena da Segurtasun Kontseilua osatzen duten 15 herrialdeen bilera 16:00etan (GMT) hastea.

Erreakzioak

John Kerry AEBko Estatu idazkariak Ipar Korearen azken jaurtiketa gaitzetsi du eta NBEren Segurtasun Kontseiluak onartutako ebazpenak urratzen dituela salatu du. Kerryren esanetan, "probokazio" horrek "eskualdea eta AEB mehatxatzen ditu".

Park Geun-hye Hego Koreako presidenteak ere gogor kritikatu du jaurtiketa eta misilen ezkutuko jaurtiketatzat jo du. Ildo horretan, Ipar Koreari "isun gogorrak" ezartzea eskatu dio NBEri.

Errusiako gobernua kexu agertu da. Haren esanetan, Pyongyango gobernuak nazioarteko eskubidearekiko "errespetu gutxi" erakusten du.

Bestalde, François Hollande Frantziako presidenteak Ipar Korearen jaurtiketa gaitzetsi du eta "azkar eta irmo" erantzuteko eskatu dio NBEren Segurtasun Kontseiluari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE bideoak Albisteak