Mundua -
Negoziaketak hartzekodunekin
Greba orokorra Grezian, pentsioen erreformaren aurka
Tsipras ezkertiarrak bigarrenez Gobernua hartu zuenetik egingo duten hirugarren greba orokorra izango da.
agentziak | erredakzioa
Urteko lehenengo greba orokorra egiten ari dira Grezian, Alexis Tsiprasen Gobernua hartzekodunekin negoziatzen ari den pentsio sistemaren erreformaren kontra.
Tsipras ezkertiarrak bigarrenez Gobernua hartu zuenetik, duela urtebetetik, egingo duten hirugarren greba orokorra izango da, baina hau berezia izango da, sektore gehiagoren babesa izango duelako. Lehenengo aldiz urte askoan, taxilariek ere bat egingo dute protestekin.
Dena dela, greba asko izaten dituztenez, ez da ohikoa langileen gehiengoak bat egitea, galera ekonomikoak handiak direlako, eta dagoeneko diru-sarrera gutxi dituztelako.
Hirugarren erreskatearen lehenengo berrikuspenaren harira, Tsiprasen Gobernua hartzekodunekin negoziatzen ari da pentsioen erreforma, eta horregatik deitu dute gaurko protesta.
Atenaseko Gobernuak pentsiodunei murrizketa gehiago ez egitea helburu duen proposamena egin du, 2010etik pentsioek behera egin baitute.
Baina proposamen hori onartzearen truke, hartzekodunek kotizazioak igotzea eta pentsio gehigarriak murriztea eskatzen dute, eta pentsio gehigarriak izan arren, erretiratuen diru-sarreren zati handiena dira, eta Greziako familia gehienen euskarria.