Mundua -
Terrorismoa
Gutxienez 85 hildako Boko Haramen eraso batean, Nigeriako iparraldean
2015ean Boko Haramek 3.000 pertsona baino gehiago hil zituen.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 85 pertsona hil dituzte eta ehunka zauritu egon dira Boko Haram talde jihadistak Nigeriako iparraldean egindako erasoan, tokiko hedabideek gaur jakitera eman dutenez.
Erasoa atzo gauen gertatu zen, Dalori herrian, Borno estatuko hiriburua den Maiduguri hiritik gertu. Jihadistak 4x4 ibilgailuz eta motoz osatutako konboi batekin sartu ziren herrian, eta herritarren aurka hasi ziren tiro egiten inolako bereizketarik egin gabe; granadak ere jaurti zituzten.
Landa-bideetatik hurbildu ziren, errepide nagusian zeuden kontrol militarrak saihesteko asmoz. Herritik alde egin aurretik, jihadistek etxebizitza ugariri eman zieten su, eta soinean zeramatzaten lehergailuak leherrarazi zituzten hiru emakumezko herrian sar zitezela lortu zuten.
Herritik gertu dagoen eremu militarrean ere sartu nahi izan zuten, baina han zeuden tropek aurre egin zieten tiroketa bizi bat izan ostean.
Aipatutako erasoaldi hori talde terroristak azken bost egunetan gauzatzen duen hirugarren atentatua da, eta berorietan 100 pertsona baino gehiago hil dira.
Boko Haram izenak "islamiarra ez den hezkuntza bekatua da" esan nahi du Nigeriako tokiko hizkuntzetan, eta talde horrek 2015ean 3.000 pertsona baino gehiago hil zituen.