Mundua -

ERREFUXIATUAK

10.000 haur errefuxiatu desagertu dira Europan

Migrazio-krisiaren ondorioz, giza trafikoan aritzen den erakunde kriminal "berri sofistikatu" bat azaleratu dutela salatu du Europolek.

Haur errefuxiatuak, Alemanian Argazkia: Efe
Haur errefuxiatuak, Alemanian Argazkia: Efe
Milaka haur sare kriminal esku ari dira geratzen Europan sartzean

1:22

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poliziaren Europako Bulegoak (Europol) ohartarazi duenez, gutxienez 10.000 haur errefuxiatu desagertu egin dira Europara iritsi eta berehala. Horietako batzuek euren familietako kide batzuekin egotea lortu dute, baina beste batzuek giza trafikoan aritzen diren erakundeen esku gelditu dira.

Save The Childrenek emandako datuen arabera, 270.000 haur errefuxiatuetatik 26.000 guraso barik iritsi ziren iaz Europara. Hain zuzen ere, gerratik ihesi Siriatik eta beste herrialde batzuetatik Europara iritsitako pertsonen %27 haurrak dira.

Hainbat egunkarik kaleratutako Europolen ikerketaren arabera, desagertutako umeen erdia Italian galtzen dira.

Gutxienez, bakarrik bidaiatzen duten 5.000 bat ume agintarien zaintzatik desagertu eta “egitura kriminalen” menpe gelditzen dira.

Europolek atzeman duen egitura kriminala "berria eta oso sofistikatua" dela esan du. Hain justu, duela 18 hilabete sortu da eta Alemanian eta Hungarian du gunea. Italiatik Hungariara joaten dira umeak eta han Europako beste herrialdeetan sartzen dituzte giza trafikoak aritzen direnek.

Espetxeak

"Alemanian eta Hungarian giza trafikoarekin harremana dutelako espetxeratu dituzten presoekin beteta dauden espetxeak daude", adierazi dute Europoletik.

Europolek Balkanetako polizia arduradunekin elkarrizketa sortak abiatuko ditu, bahiketa olde honi amaiera emango dion ekinbide bateratua adosteko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan