Mundua -
Errefuxiatuen krisialdia
Gutxienez 39 errefuxiatu hil dira Egeo itsasoan itota
Turkiako kostazainek orain arte 75 pertsona erreskatatu eta 39 hilotz atera dituzte, baina bila jarraitzen dute.
Agentziak | Erredakzioa
Turkiako ekialdeko kostaldearen eta Greziako Lesbos uhartearen artean hainbat nazionalitateko errefuxiatu zeramatzan itsasontzi bat hondoratu eta gutxienez 39 lagun hil dira itota.
Turkiako kostazainek orain arte 75 pertsona erreskatatu eta 39 hilotz atera dituzte, baila bilatzen jarraitzen dute helikopteroen eta urpekarien laguntzaz.
Errefuxiatuek Turkiako patruilak ohartarazi dituzte itsasontzia hondoratzen ari zela.
Ontzia Lesbosetik 10 kilometrora besterik ez dagoen Ayvacik herriko hondartzetatik (Çanakkale probintzia, Turkia) atera zen, eta bertan zihoazen bidaiari gehienak Siria, Afganistan eta Birmaniako errefuxiatuak ziren, NTV telebista-katearen arabera.
Turkiako poliziak turkiar bat atxilotu du bidaia antolatzea leporatuta, baina bere burua errugabetzat jo du, bera ere itsasontzian baitzegoen.
Turkiako agintariek aste honetan jakitera eman dutenez, Siriako gerratik ihes egin duten 2,5 milioi siriar daude erroldatuta herrialde horretan.
Bestalde, Iheslarientzako Nazio Batuen Agentziak emandako azken datuen arabera, urtarrilean zehar 54.500 errefuxiatu heldu dira Europara Mediterraneotik, horietatik 50.600 Greziako kostaldetik, eta 236 hil dira itota ibilbidea egiten ari zirela.