Mundua -

Atzerri lege berria

Danimarkak onartu egin du errefuxiatuei ondasunak kentzeko legea

Lege polemiko honen bitartez, dirua eta balio handiko objektuak kenduko dizkiete errefuxiatuei.

Errefuxiatu bat Danimarkako kanpamentu batean. Argazkia: EFE
Errefuxiatu bat Danimarkako kanpamentu batean. Argazkia: EFE
Errefuxiatuei ondareak kentzeko legea onartu dute Danimarkan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Danimarkako Parlamentuak onartu egin du errefuxiatuei dirua eta balio handiko objektuak konfiskatzeko lege polemikoa, herrialdean izango diren denboran eragingo duten gastuak ordaintzeko aitzakiarekin.

Gutxiengoarekin agintzen duen Danimarkako Gobernu liberalak zentro-eskuineko blokearen eta Alderdi Sozialdemokrataren babesa izan du lege berria aurrera ateratzeko.

Atzerri Legearen erreformak polemika handia piztu du, eta egitasmoa azaroan aurkeztu zutenetik, Gobernuak bi aldiz aldatu behar izan du konfiskazioei buruzko araudia. Suitzan eta Alemaniako Baviera eta Baden-Wurttenber estatu federatuetan dagoeneko indarrean dira errefuxiatuei ondasunak kentzeko legeak.

Gaur onartutako legearen arabera, “balio sentimental berezidun” objektuak edo 1.340 euro baino gutxiago balio dutenak ez dizkiete kenduko.

“Gobernuak ez dizkie bitxiak kendu nahi asiloa eskatzen dutenei”, azpimarratu du Jacob Ellemann-Jensen bozeramaile liberalak. Gainera, Danimarkak atzerrian duen irudia kaltetu izana leporatu die ezkerreko alderdi kritikoei.

Lege berriaren aurka agertu diren taldeek esan dute araudi berri horrekin Danimarka giza eskubideen Europako itunak urratzen egon daitekeela. Kezka bera agertu dute abokatuen elkarteek eta Amnistia Internazionala bezalako gobernuz kanpoko erakundeek ere.

Danimarkak urte hasieran ezarri zituen behin-behineko kontrol-guneak mugetan. 2015ean 21.000 asilo-eskaera izan zituen, 2014an baino heren bat gehiago. Alabaina, Eskandinaviako gainerako herrialdeek baino gutxiago izan dira. Suediak, adibidez, 163.000 asilo-eskaera jaso ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Albisteak migrazioa gaur Eguneko albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Errefuxiatuak azken ordukoa Danimarka azken ordukoa