Mundua -
Tragediak ez du etenik
41 hildako, horien artean 17 ume, bi ontzi Grezian hondoratu ondoren
Farmakosini uhartean, gauerdian, ontzi bat hondoratu da, eta sei haur eta emakume bat hil dira. Beste 34 pertsona, horien artean 11 ume, goizean hil dira, Kalomimos uhartean.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 41 pertsona hil dira azken orduetan bi ontzi Greziako kostaldean hondoratu ondoren, kostazainek jakitera eman dutenez. Ontziek dozenaka lagun zeramatzaten eta neguarekin tenperaturak oso baxuak dira eskualdean.
Aurreneko hondoratzean, sei ume eta emakume bat hil dira gauerdian. Ontzia Farmakosini uharteko kostalde harritsuaren kontra talka egitea litekeena da, kostazainen iturriek Kathimerini Greziako egunkariari azaldu diotenez.
Ontziak beste 40 pertsona zeramatzan, eta kostaldera heltzea lortu dute. Umetxo txiki bat hipotermiarekin uretik erreskatatu behar izan dute.
Beste hondoratze bat Kalomimosen
Beste 34 pertsona, horien artean 11 haur, hil dira egurrezko ontzi bat hondoratu ostean, Kalomimos uhartearen kostaldeko iparraldean, goizeko lehen orduan.
"Ontziak zenbat jende zeraman ez dakigu oraindik, baina 34 gorpu eta 26 pertsona erreskatatu ditugu”, kostazain batek Reuters albiste-agentziari azaldu diotenez. Hainbat hedabidek zabaldutakoaren arabera, 70-100 lagun zihoazen ontzian.
Zalantzak ikusita, bilaketa eta erreskate operazio bat martxan jarri dute uharte txikiaren inguruan, Egeo itsasoaren hego-ekialdean, Turkiatik gertu.