Mundua -
Asiako erraldoia
Azken 25 urteetako hazkunde ekonomikorik txikiena Txinan
2008an nazioarteko finantza krisialdia hasi zenetik izan duen hazkunderik txikiena izan zuen Asiako erraldoiak 2015eko azken hiruhilekoan (% 6,8).
Agentziak | Erredakzioa
Txinako barne produktu gordinak (BPG) % 6,9 egin zuen gora 2015ean, laugarren hiruhilekoan % 6,8ko hazkundea izan ostean, Estatistika Bulego Nazionalak gaur iragarri duenez.
Azken 25 urteetako hazkunde ekonomikorik txikiena izan arren, Txinako Gobernuak aurreikusitakoa da, BPGaren hazkundea % 7 ingurukoa izango zela iragarri baitzuen.
Horrela, Txinako BPGak moteltzeko joerarekin jarraitu zuen 2015ean. Lehen eta bigarren hiruhilekoan % 7ko hazkundea izan zuen Asiako erraldoiaren ekonomiak, % 6,9koa hirugarrenean eta % 6,8koa laugarrenean.
2008an nazioarteko finantza krisialdia hasi zenetik hazkunderik txikiena izan zuen Asiako erraldoiak 2015eko azken hiruhilekoan (% 6,8).
Wang Baoan estatistika bulegoko zuzendariaren hitzetan, Txinako ekonomiak “hazkunde maila onargarria” izan zuen 2015ean.
67,67 bilioi yuan
Hala, Txinako BPG 67,67 bilioi yuanekoa (10,33 bilioi dolar; 9,48 bilioi euro) izan zen iaz.
Txinak sortutako aberastasunaren % 50 baino gehiago eragin zuen zerbitzuen sektoreak aurrenekoz; izan ere, aberastasunaren % 50,48 eragin zuen 2015ean, 2014an % 48,1ekoa izan eta gero. Buruzagiak ekonomia berregituratu nahian ari dira, industriak garrantzia gal dezan zerbitzuen mesedetan.